Alemania, Portugal, Eslovenia, Bosnia-Herzegovina, Polonia eta Errumaniako eragileekin batera, Sakanako Garapen Agentzia Iconic proiektuko bazkide da. Ekainean abiarazi zuten Alemaniako Saarbrücken hirian.
Zergatik da SGA Iconic-eko kide?
Iker. Eskualde mailako mugikortasuna ibarraren garapenerako elementu klabea delako, horrela adierazten dute herritarrek, udalek baita enpresek ere.
Paki. Mugikortasuna oso azkar aldatzen ari da. Hiriguneetan etorkizuneko mugikortasuna nolakoa izango den badakite: intermodalitatea, kotxeak hiriguneetatik ateratzea, eta abar. Baina landa guneetan nola garatuko den ez dago horren garbi, osagai berak baina errezeta desberdina da. Iconic proiektuak ahalbidetuko digu errezeta honi forma eman eta hainbat proba egin ahal izatea.
I. Gurea bezalako eskualdeetan gaur egungo landa guneetako mugikortasun ereduak non auto pribatua nagusi den, jendearen zaurgarritasuna handitzera darama. Zerbitzuetara sarbidea mugatzen die, lan aukerak baita ere, horregatik proiektuan elementu horiek gertutik kontuan hartuko dira. Inklusibitatea eta irisgarritasuna presente izanik.
Mugikortasun iraunkorra, zer da?
P. Mugikortasun iraunkorra ulertzen da lurraldean pertsonen eta ondasunen desplazamendua modu eraginkor, arduratsu eta baliabide optimizatuan kudeatzen duen eredu gisa. Hau da, mugikortasun soluzioek bizitzako eguneroko beharrezko joan-etorriak erraztu behar dituzte: lanera, zerbitzuetara, zaintza lanak… Baina energia, ekonomia eta ingurumen inpaktua minimizatuz. Aldi berean, irisgarritasun unibertsalaren, segurtasunaren eta gizarte-inklusioaren parametroekin lerrokatuz.
I. Laburbilduz: desplazamenduen ekosistema osoa lehiakortasun, jasangarritasun eta inklusibitate irizpideen arabera orkestratzea.
Sakanako Mugikortasun Plana egin nahi duzue?
I. Bai, hori da Iconic proiektuaren helburuetako bat.
Zer da hori?
I. Herri barruko mugikortasunaren eskumenak udalen ardura dira eta herri arteko garraioa Nafarroako Gobernuarena. Sakanaren kasuan mugikortasunaren ehuneko handia eskualde barrukoa izanik hutsune bat ikusten genuen. Mugikortasun planak mugitzen garen moduaren argazkia erakutsiko digu eta, hortik aurrera, honi erantzuteko irtenbideak eta hainbat proba landuko dira.
P. Nafarroako Gobernuaren parte hartzea garrantzitsua da proiektu honetan, herrien arteko garraioan eragiteko aukera emango digulako, eskualdearen errealitatea zein den helaraziko diegulako, gero horri erantzuteko mekanismoak jarri ahal izateko Nafarroako Gobernuak berak. Mugikortasun plan baten egiturak diagnostikoa, helburuak eta ekintza plana jasotzen ditu.
Zer helburu ditu?
P. Errealitatea ezagutu eta horren aurrean politika publikoetatik aldaketa edota irtenbideak nola sustatu edo bermatu daitezkeen aztertu.
I. Gure antzeko errealitatea duten tokietako errealitateak ezagutu, bertan landutako politika publikoak eta funtzionatu duten ereduak gure errealitatera nola ekar ditzakegun aztertu.
Nola eginen duzue?
I. Sakanan udal, enpresa eta herritarren parte hartzearekin egin nahi da.
Beste eskualdeetatik zer ekarpen espero dituzue?
I. Gure antzeko errealitatea duten horietatik ikasi eta gure eskualdean inspirazio izan daitezkeen garatu beharreko ereduak ezagutu.
P. Beste herrialdeetako esperientzia onen ezagutza eta trukaketa. Gure antzeko egoeretan dauden horiek zein soluzio aplikatu dituzten, zein arazo izan dituzten jakin (akatsak), zer funtzionatu duen edo zer ez...
Eta zer eman diezaieke Sakanak?
P. Ibarrean egin diren hainbat ekimen partekatzea, esaterako: Jaibusa, Arakilgo zaintzen inguruko mugikortasun proiektua, bizikleta ibilbidea…
I. Horien inguruan esperientzia eta ezagutza partekatu eta izandako arazo eta arrakastak azaldu.
Bukatzean, plana eginda?
I. Bai. Herri eta Nafarroa mailan dauden beste politikendako oinarria izan daiteke.
P. Klima aldaketa eta trantsizio energetikoaren 4/2022 Foru Legeak udal eta enpresei ezartzen dien mugikortasunaren inguruko derrigortasunei laguntzera datorren zerbait izatea espero da baita ere.
Dagoeneko SGA Europako zenbat proiektutan parte hartu du?
I. Sakanako Garapen Agentziak makina bat deialditako hainbat proiektu europarretan parte hartu du eta parte hartzen ari da. Beti ere Sakanako estrategia Planaren lan ildoei erantzunez. Esaterako: Zahartze aktiboari loturiko Bertan proiektua (POCTEFA), Teknoadineko hortik etorri zen. Energia arloan, Enerkide (Euroeskualdea), Industria arloan, EDIT (POCTEFA), Turismo arloan, Uharte Arakilgo Udalak agentziarekin elkarlanean lantzen ari den EH Trailguneak (Euroeskualdea).
Europan elkarlanean, zergatik?
P. Antzeko errealitateak dituzten eskualdeetatik praktika onak ikasteko aukera ematen duelako. Sakanako beharrei erantzuten dien proiektuak eta baliabideak.