Futbola

Futbol Federazioaren aitortza entrenatzaileei

Maider Betelu Ganboa 2025eko abenduaren 10a

Ivan Claver eta Ioseba Bakaikoa, behean, eskuinean, saritutako gainontzeko entrenatzaileekin batera. NFF

Nafarroako Futbol Federazioak '2025eko Entrenatzailearen Eguna' ospatu zuen. 2024/2025 denboraldian ligak irabazi zituzten entrenatzaileek saria jaso zuten, Ivan Claverrek (Altsasu K.E.) eta Ioseba Bakaikoak (Etxarri K.E.) tartean

Nafarroako Futbol Federazioak (NFF) "2025eko Entrenatzailearen Eguna" ospatu zuen azaroaren 21ean Don Carlos hotelean. Ekitaldiak 125 entrenatzaile nafar inguru bildu zituen, eta 2024/2025 denboraldian euren taldeekin liga irabazi zuten 30 entrenatzaileek aitortza eta oroigarria jaso zuten NFFko presidente Rafael del Amoren eta NFFko Entrenatzaileen Batzordeko zuzendari Miguel Merinoren eskutik. 

Del Amok aitortza jaso zuten entrenatzaileak zoriondu zituen, "ez soilik kirol lorpenengatik, baizik eta prestatzen eta trebatzen jarraitzeko konpromisoarengatik. NFF beti egongo da ikasteko eta hazteko apustua egiten duenaren ondoan". Merinok nabarmendu zuenez, "entrenatzaile baten garapena ez da kirol eremura mugatzen, giza prestakuntza, balioak eta lidergo gaitasuna ezinbestekoak dira talde indartsuak eta ingurune osasungarriak

eraikitzeko".

Bi sakandarrak
Aitortza jaso zuten entrenatzaileen artean bi sakandar zeuden, Altsasu erregional mailako taldearekin liga irabazi zuen Ivan Claver altsasuarra eta Etxarri Aranatz erregional mailako taldearekin Nafarroako Kopa irabazi zuen Ioseba Bakaikoa lakuntzarra. Merezitako aitortza, zalantzarik gabe. Egun, Claverrek Altsasu preferentea gidatzen du eta Bakaikoak Etxarri Aranatz erregionala. 

Imanol Arregi eta beste
Aurretik mahai ingurua izan zen. Emakumezkoen Espainiako selekzio absolutuko hautatzaile ohi Montse Tomek, Bartzelonako jokalari ohi eta entrenatzaile Eusebio Sacristanek eta Xotako teknikari ohi eta areto futbol nazionaleko erreferente Imanol Arregik hartu zuten hitza. Hirurek euren ibilbidean bizitako esperientziak, ikaskuntzak eta hausnarketak partekatu zituzten ekitaldian bildutakoekin, eta hizketaldi animatua sortu zen.