Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak Urbasako kanpina eraberritzeko lanak emateko deialdia egin du. Lanek 1.074.278,81 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Haiek finantzatzeko departamentuak Europar Batasuneko Next Generation funtseko laguntza du. Lanak egin nahi dituen enpresak bere eskaintza aurkezteko abenduaren 22ko 23:59ra arteko epea du. Kontratua eskuratzen duen enpresak lau hilabete izanen ditu egitekoak despeditzeko.
Egitekoen zerrendan daude, alde batetik, iturgintza lanak. Ur hotzaren eta ur bero sanitarioaren hornidura-sarea unean-unean aldatzen da, eraikinen azpiko eroanbideak saihesteko eta instalazioaren mantentze-lanak errazteko. Era berean, horien sektorizazioa hobetuko da. Ur bero sanitarioaren kasuan, lurperatutako sarea berrituko da, isolamendua hobetzeko eta energia galerak murrizteko. Saneamenduari dagokionez, eraikinetik kanpo dauden ur beltzen sareak guztiz berrituko dira, filtrazioak baitituzte.
Kanpineko sare elektrikoa oso zabala da, eta hainbat aldaketa izan ditu. Aldaketa horiek ez daude dokumentatuta, eta, ondorioz, ez dakite nola elikatzen diren ekipo elektriko hartzaileak. Aginte eta babes koadroen eta kanalizazio elektrikoen egoera orokorra eskasa da. Hori guztia berrituko da. Baina ez da esku hartuko zirkuituen barneko instalazioetako kableatuetan eta instalazioetan.
Azkenik suteen aurkako babesa hobetuko da. Gaur egun, kanpinak suteetatik babesteko PCI instalazio bat du kanpinak, su-itzalgailuek, eskuzko detekzio automatikoak, sute-ahoek eta larrialdietako argiek osatua. Lehendik dauden instalazioak prest jartzea proposatzen da, bai eta baso-suteen aurkako autobabes-planaren III. eranskinean jasotako prebentzio-neurriak hartzea ere, su-itzalgailuak eta sute-ahoak suteen aurka babesteko instalazio aktiborako balio dezaten.
Eraikinak
Kanpinak bi eraikin nagusi ditu, bata, nagusiki, hainbat pertsona hartzen dituen logelak ditu. Besteak taberna-jatetxea, biltegiak eta ur berorako instalazioak ditu. Haien ondoan komunak daude. Haietako batean galdara gela dago. Beste eraikin batek bungalowendako ur beroa sortzeko azpiegitura hartzen du. Azken horiei dagokienez, 6 bungalow adosatu daude, 6 pertsonendako beste sei bungalow isolatu, lau pertsonendako bost bungalow isolatu eta 4 pertsonendako hiru bungalow isolatu daude.