Sakanako Denden eguberri kanpaina

Guaixe 2025eko azaroaren 28a

Dendarien elkarteak aurretik banatutako sariak. ARTXIBOA

Bezeroen arten tokiko produktuz osatutako lau zare zozketatuko ditu. 

Ibarreko dendari, ostalari eta zerbitzuak batzen dituen Sakanako Dendak elkarteak eguberri kanpaina martxan du. Azaroaren 28tik abenduaren 7ra, tokiko dendetan erosketak egiten diren  bakoitzean txartel bat jasoko bezeroak. Haietan izen-abizenak eta telefonoa idatzi eta dendariak jasoko du, txartelak zozketan sartzeko. Sakanako Dendak elkarteak guztira lau eguberri zare zozketatuko ditu. Horiek tokiko produktuz beteta egonen dira. Izan ere, lau harategitako produktu eta espezialitate izanen dira zozketatuko diren saskietan: Lakuntzako Arregi harategiarena, Altsasuko Hiruon eta Sorkunde harategiena eta Olatzagutiko Pako harategiarena. 

Kanpaina horren bidez Sakanako Dendek eguberri garaian kontsumo arduratsuan eta tokiko ekonomian fokua jarri nahi izan du. Kanpainak dendarien eta bezeroen arteko lotura sustatu nahi du eta, aldi berean, tokiko merkataritza establezimendu txikiek duten garrantziaz ohartarazi nahi du. Izan ere, “Sakanako denda batean egindako erosketa bakoitzak gure ekonomian, enpleguan eta gure kaleetan dagoen bizitzan eragin zuzena du”, gaztigatu dute Sakanako Dendak elkarteko kideek. Nabarmendu dutenez, “tokiko merkataritzaren alde egiteak gure ibarreko etorkizunaren alde egitea da”.