Pilota

Zabala-Martijaren kolpea Bartzelonan

Guaixe 2025eko abenduaren 8a

Martijak eta Zabalak poz handia hartu zuten Bartzelonan. EITB

Altuna-Ezkurdiak ezin izan zuten partida erremontatu eta 22-16 erori ziren Zabala-Martijaren kontra. Elordi-Zabaletak Etxeberria-Rezusta mendean hartu zituzten, 22-14

Binakako Pilota Txapelketako hirugarren jardunaldia abenduaren 8an despedituko da, Jaka-Iztuetak Artola-Imazen kontra Tolosako Beotibarren jokatuko duten partidarekin. Aurretik beste hiru jokatu dira, eta sakandarrek denetariko emaitzak izan dituzte. 

Elordi eta Zabaletak Peio Etxeberria eta Rezusta izan zituzten aurkari abenduaren 5ean Amorebieta-Etxanon. Partida estua izan zen, Elordi-Zabaletaren alde erori zena. Sentsazio onekin ari da bikoa, eta 22-14, nahiko eroso hartu zituzten mendean Etxeberria eta Rezusta, goitik behera kontrolatu zuten partidan. 

Bartzelonako Vall d´Hebronen jokatu zuten txapelketako beste bi sakandarrek, Ezkurdiak eta Martijak. Altunak eta Ezkurdiak irabazten segituko ote zuten eta Zabalaren eta Martijaren jotzea nolakoa izango zen, partidak ikusmina piztu zuen. Gaizki hasi ziren Altuna eta Ezkurdia, ia konturatu gabe 6-0 aurreratu baitziren Zabala eta Martija. Partidan ezin sartu ibili ziren Altuna eta Ezkurdia, akats nabarmenak pilatuz, baina partidan barna buelta eman eta markagailuan gerturatu ziren, hiru tantora jarriz. Askok gorriek erremontatuko zutela uste zuten, Zabala goitik hasi zela eta beherantz egingo zuela, baina azken txanpan berriro kolpea jo zuten Zabalak eta Martijak eta 22-16 irabazi zuten. Lau pilotariek akats asko egin zituzten, hamasei lauren artean, Altunak gehien, sei. Altuna ez zen oso fin aritu eta hori erabakigarria izan zen, Ezkurdia ez baita atzelaria. Nolanahi ere, lehiakor eta borrokalari aritu ziren Zabala eta Martija, eta horrek eman zien garaipena. 

Abenduaren 7an Donostian jokatutako partida estuan Larrazabalek eta Mariezkurrenak lortu zuten jokoan zegoen puntua, Laso-Albisuri 20-22 irabazita.

Sailkapena, estua
Abenduaren 8ko emaitzaren faltan, sailkapena oso estu dago. Laso-Albisuk, Altuna-Ezkurdiak, Elordi-Zabaletak eta Zabala-Martijak bina puntu dituzte, Larrazabal-Mariezkurrenak, Artola-Imazek eta Jaka-Iztuetak puntu bana eta Etxeberria-Rezustak ez dute punturik. 

Laugarren jardunaldian Altuna-Ezkurdiak Larrazabal-Mariezkurrena izango dituzte aurkari abenduaren 12an Bilboko Deportivon. Abenduaren 13an jardunaldi bikoitza jokatuko da. Zabala-Martijak Artola-Imazen kontra jokatukoa dute Urretxun, eta Laso-Albisuk Etxeberria-Rezustaren kontra Iruñeko Nafarroa Arenan. Azkenik, abenduaren 14an Mallabiak Elordi-Zabaletaren eta Jaka-Iztuetaren arteko partida hartuko du.