Gizonen erregional mailan asteburuan ez zen jardunaldirik jokatu, kopako partidak jokatu ziren, baina azaroaren azken asteburuan jokatutako hamargarren jardunaldian Lagun Arteak Etxarri Aranatz liderra hartu zuen Itxesalden. Partida oso lehiatua izan zen, eta nor baino nor aritu ziren bi taldeak. Atsedenaldia baino lehen, 40. minutuan Oinatz Carreñok Lagun Artearen atea zulatzea lortu zuen. Bigarren zatian bi taldeen lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. 61. minutuan Aimar Ijurrak Etxarriren aldeko bigarren gola sartu zuen. Lagun Artea buelta ematen saiatu zen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 0-2 gailendu zen Etxarri Aranatz liderra.
Etxarri Aranatz liderrak (24 puntu) puntu bakarra ateratzen dio Kirol Sporti (23 puntu) eta bi puntu Universidad de Navarrari (22 puntu). Lagun Artea seigarren da (12 puntu). Hamaikagarren jardunaldian Etxarri Aranatzek sailkapenean hamargarren den Lagunak B izango du aurkari abenduaren 13an Barañainen, 16:00etan. Lagun Arteak egun berean sailkapenean hamairugarren eta azkena den Baztan B taldea hartuko du Itxesalden, 16:00etan.