Areto futboleko hirugarren mailako hamaikagarren jardunaldiak sei puntu utzi ditu Sakanan.
Altsasuk Garbayo Chivite Cintruenigo hartu zuen abenduaren 4an Zelandi kiroldegian. Erriberako taldea aurreratu zen, baina Altsasuk berehala buelta eman zion partidari eta tarte ikaragarrian 5-1 aurreratu zen Xabier Aiestaran (2), Asier Salgado (2) eta Xabier Ormazabali esker. Gauzak, ordea, gori-gori jarri ziren, Cintruenigo 5-4 gerturatu zelako, baina Altsasuk aginte makila hartu zuen eta Asier Salgadori eta Xabier Ormazabali esker 7-5 gailendu zen, zaleen gozamenerako. Aurreko jardunaldian, Altsasuk launa berdindu zuen San Juanekin, Iruñean.
Aralar Mendik Universidad de Navarra hartu zuen Uharte Arakilen. Partia hankaz gora jarri zitzaion Aralar Mendiri, OPUS-ekoak 0-4 aurreratu baitziren, baina hortik aurrera sakandarrek behar bezala erantzun zuten eta launa berdintzea lortu zuten Jon Arenazak, Jon Iribarrenek (2) eta Eneko Cruzek sartutako golei esker. Azken minutuan Jon Iribarrenek garaipenaren gola sartu zuen, 5-4, izugarrizko poza uhartearrendako. Izan ere, aurreko jardunaldian Garbayo Chiviteren kontra 3-2 erori zen Aralar Mendi. Jon Iribarreni eta Eneko Cruzi esker 1-2 aurreratu zen Uharte Arakilgo taldea, baina Chivitek partida erremontatzea lortu zuen.
Datorrena
Ribera de Navarra da hirugarren mailako areto futboleko lider (25 puntu). Altsasu zortzigarren da (11 puntu) eta Aralar Mendi hamaikagarren (9 puntu). Hamabigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamargarren eta arerio zuzena den Universidad de Navarraren kontra jokatuko du abenduaren 13an, 16:00etan, Iruñean, eta Aralar Mendik sailkapenean bederatzigarren eta arerio zuzena den Kirol Sport du aurkari egun berean, 17:45ean, Orkoienen.