Absolbitu egin dituzte Gasteizko abortu klinikaren parean bilkurak egiteagatik epaitutako 21 pertsonak

Guaixe 2025eko abenduaren 10a

Abortuaren kontrakoen kontzentrazioa 2022an. ALEA

Auzipetuen artean bi sakandar zeuden. Epailearen arabera klinika aurrean kartelekin otoitz egitera jartzeak ez zion inori jazarpenik eragin, ez pazienteei ezta langileei ere. Klinikak helegitea iragarri du.

Gasteizko Zigor Lehen Auzitegiak absolbitu egin ditu 2022ko irailetik azarora abortu klinika baten aurrean otoitz egiteko elkartu ziren 21 pertsonak, haietako bi sakandarrak. Epailearen arabera, abortuaren kontrako taldeak inoiz ez ziren bost lagun baino gehiagokoak izan; kontzentrazioak egingo zituztela jakinarazi zuten, eta ez zieten bertan behera uzteko agindu; ez zuten harremanik izan haien biktima izan zirela esan zutenekin; klinikaren aurreko espaloian egoten ziren, klinikatik 15-30 metrora; otoitz egiten zuten, "batzuetan ozenki, besteetan isilik"; ozenki egiten zutenean, errezoak ez ziren entzuten klinika barrutik; eta akusatuetako batzuek orri baten neurriko kartelak zituzten eskuetan. 

Epaileak adierazi duenez, akusatuak "modu baketsuan" aritu zirela eta ez dela frogatu koakzio deliturik, ezta jazarpenik ere. Eta nabarmendu du akusatuek "biltzeko eskubidea" baliatu zutela beren mezua helarazteko: bizitzaren alde otoitz egitea eta laguntza eskaintzea. Testigantzen arabera, beti kokatu ziren klinikaren aurrean, gutxienez hamabost metroko distantziara, eta gehienez bost lagun elkartu ziren aldi berean. "Ez da frogatu akusatuek indarkeriazko jarrerarik izan zutenik, ezta klinikako langileei edo pazienteei begira akusazioan aipatutako ekintzak egin zituztenik ere", dio sententziak.

Helegitea
Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bost hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuten, baita 10.000 eta 20.000 euro arteko kalte ordainak eta urruntze aginduak ere. Argudiatu zuten ekintzok oztopatu egin zutela emakumeen haurdunaldia eteteko eskubidea, eta klinikako lanari traba egin ziotela. Hala ere, epaileak baztertu egin du akusatuek "jazarpenik" eragin izana, eta nabarmendu du ez dela identifikatu abortua bertan behera utzi behar izan zuen biktima zehatzik.

Espainiako Zigor Kodeak, 2022an egindako aldaketa baten eraginez, zigortu egiten du abortatzera joaten diren emakumeei jazartzea. Klinikako zuzendariak adierazia duenez, 
"epaiak erakutsi digu legea ez dagoela oso ondo idatzia eta ertz asko dituela". Jazartzea zigortzen du, eta  jazartzearen barruan sartzen ditu "ekintza gogaikarriak, iraingarriak, larderiazkoak edo hertsagarriak", baina gero zehaztu egin behar da hori zer den, eta frogatu. Haren iritziz egunero klinikaren aurrean jartzea eta egunero jartzea nahikoa jazarpen da, eragina baitu klinikara joaten direnengan, bai pazienteengan, bai langileengan.

Klinikako arduradunak gogoratu zuenez, legea idazterakoan kliniken inguruan segurtasun perimetroa ezartzeko aukera aipatu zen. "Guk 100 metrokoa eskatzen genuen. Osasunaren Mundu Erakundeak 300 metroko izatea gomendatzen du". Iragarri du epaiari helegitea aurkeztuko diotela. 

Auzipetuek epaiketan nabarmendu zutenez, pazienteekin edo langileekin ez zutela kontakturik izan, isilik egon zirela eta poliziak identifikatu zituela baina ez zutela bestelako ohartarazpenik egin. Defentsaren abokatuek, berriz, epaiketan azpimarratu zuten akusatuek "isilik otoitz egin" zutela, hormaren kontra eta begiak lurrera begira, inolako irainik edo mehatxurik gabe.

Ekintzak 2022ko irailaren 28tik azaroaren 6ra bitartean izan ziren, Gasteizko Errioxa kaleko Askabide klinikaren aurrean. Parte hartzaileek kartelak eraman zituzten klinikara zihoazen emakume eta langileei presio egiteko, "40 egun bizitzaren alde" edo "Ez zaude bakarrik, hemen gaude zuri laguntzeko" bezalako esaldiekin.