Segi Sakanako gezi horiei

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko abenduaren 18a

Sakanako Donejakue Bideko lagunetako batzuk Zamartzen. UTZITAKOA

Ibarrekoa Nafarroako bosgarren Donejakue bidea izendatu zuen foru gobernuak. Bidea seinaleztatuta dago eta erromes batzuk pasatzen hasi dira. Sakanako Donejakue Bidearen lagunek sakandarren artean bidearen berri eman nahi dute

Bospasei sakandarrez osatutako aurreneko taldeak ibarreko bidea ibili zuten "erromatar galtzada nondik pasa zitekeen kontuan hartuz". 2014 inguruan izan zen. Ibarreko erakundeen babesa opatu asmoz, pertsona haiek Sakanako Garapen Agentziarekin (SGA) harremanetan jarri ziren. Ordurako helburua garbi zuten: Sakanako Donejakue bidea berreskuratzea. Eta elkarlanean hasi ziren, "gauzak ongi egiteko". Hasteko ibilbide bat behar zen, eta jatorrizko bidea zen erromatar galtzada agerian ez zegoenez, ibilbide bat osatu zuten. Horretarako, enpresa bat kontratatu zuen SGAk, eta hango langileak, boluntarioek eta SGAkoek Sakanan aurrera eta atzera ibili ziren, ibilbidea osatu arte. Eta hainbat irizpide kontuan izanda, ibilbide bat zehaztu zen, gaur egungo Donejakue bidea dena. Kontuan izan zituzten irizpideen artean daude: ahal zen neurrian aintzinako ibilbidea mantentzea, ekonomian eragina izateko bideak herriak lotzea, udal eta kontzejuek berreskuratutako bideei balioa ematea eta Donejakue bidea handik eramatea, mugarri diren eraikinak lotzea (Itxasperri, Zamartze, Bakaikuko Santiago ermita...)... Ibilbidea 2016rako definituta zuten. Urte hartako abenduan Sakanako Mankomunitateak oniritzia eman zion. 

Horrekin foru administraziora jo zuten. Turismo eta kultura arduradunekin harremanetan jarri ziren. "Kosta zitzaigun aitortza lortzea, bide luzea egin behar izan dugu. Eta ez zen erraza izan, ate asko itxita opatzen genituelako", nabarmendu dute. Nafarroako Gobernuaren Turismo Departamentuan zalantzaz ikusten zuten, "bide berri bat asmatzen ari ginelakoan zeuden hasieran". Nafarroako bosgarren bide gisa izendatu zuen. Baina ibarreko bidearen berri jasoa zegoen: "bakarren batek bide txikiagoen inguruan zerbait idatzia zuen. Txikiagoa izan zitekeen, baina Historia ezagutzen duzuenean: Zamartze erromesen ospitalea izan zitekeen, Zamartzen aurreko hamarkadan Aditu enpresak egindako arkeologia indusketetan erromes maskorrak zituzten gorpuzkiak agertu ziren, erromatar galtzada bertatik pasatzen zen..." Argi dago egungo Frantsez Bidearen aurrekoa dela. "Sakanako bideak balio garrantzitsua du Historiagatik, erlijioagatik eta kulturagatik", azaldu du kideetako batek. Nafarroako Gobernuak Sakanako Donejakue Bidea bazela duela hiru urte onartu eta ofizialdu zuen. 

Iruñetik Irurtzunerainoko bidea Plazaola bide berdea erabiliz egiten da gaur egun, "zeren Oskiatean oinezkoendako tokirik ez dago eta oso arriskutsua litzateke jendea handik ibiltzea. Ibilbidea zehazterakoan lehentasunezko irizpidea segurtasuna izan zen". Ziordian Lautadako bizikleta bidea hartzen da Zaldondoraino. Han barrualdeko euskal bidearekin bat egiten du. 


Sakanako Donejakue bidearen norabidea markatzen duen ikurra Ihabarren. ARTXIBOA

Seinaleztapena
Aitortza iritsi bitartean bidea seinaleztatzea beharrezkoa zela ikusi zuten, "Sakanako Donejakue bidea egin nahi zuen jendea gal ez zedin". Sakanako Donejakue bidea 2019ean seinaleztatu zuten. "Baina ez genuen gezi horirik pintatu. Batetik, sakandarrek bidearen berri ez zutelako, eta edozeinek gezi horiak margotzen has zitekeelako". Bestetik, Nafarroako Gobernuak 2019an oraindik bidea aitortu ez zuenez, seinaleztapen ofiziala ezin zuten erabili. Beraz, Sakanako Donejakue bidearen norabidea adierazteko seinale bereziak sortu zituzten. Alde batetik, aluminiozko txapa urdin batzuen gainean gezi horia pintatua duen seinalea. Eta, bestalde, logotipo bat sortu zuten bi edukirekin: bidearen ikurra den maskorra eta Sakana markaren haritz hosto koloreduna. SGAk 2019an jarritako seinale horiek gaur egun seinale horiek Irurtzun eta Ziordia artean ikus daitezke. 

Seinale horien mantentzeaz taldeko boluntarioak arduratu dira. Seinaleztapenaren mantentze lana egiteko, esaterako, taldeko kideak bikoteka-edo antolatuta daude eta bakoitzak bide zati baten mantentzeaz arduratzen da. "Boluntario horiek bide tarte horren begiak dira". Haiek dira gaztigatzen dutenak seinaleak falta ote diren, erori direla... Altsasu aldeko boluntarioek, bere ekimenez, seinaleen ondoan maskorrak jarri zituzten, "beraien ukitua eman zieten seinaleei". 

Ibarreko turismo webgunean, sakana.eus, ibarreko Donejakue Bideari buruzko informazio atala dago. Bere edukien artean daude ibilbidea, seinaleen eta zerbitzuen berri ere: Sakanara garraio publikoan nola iritsi, non lo egin, alojamentuak, jatetxeak eta abar.   

Gainera, Sakana bi bide sareren bidegurutzea bihurtu da. Alde batetik, aipatutako Donejakue bidea dago. Eta, bestetik, Aralarko santutegitik San Migel Santutegien eta Bideen Europako Sarea sustatzen ari dira. Beraz, Europako bi bideek Uharte Arakilen bat egiten dute. "Denondako onura da". Bestetik, aurreratu dutenez, 2027a Done Jakueren urtea da. 

Sakanan ezezaguna
Boluntario taldeko bakarren batek Historia zaletasunagatik zekien bidearen berri. Askok Zamartzen egindako arkeologia indusketen ondoren jakin zuten Donejakue Bidea Sakanan zegoela. Bidea aitortu ondoren, Nafarroako Gobernuak bere turismo euskarrietan jaso du. "Lehen ez bezala, orain mapan gaude. Baina orain erronka bidearen sustapena egitea da", azaldu dute. "Baina ez kanpora begira. Zeren sakandarrek ez dute ibarreko Donejakue bidearen berririk. Kanpo sustapena egin aurretik, garrantzitsua da sakandarrek bidearen berri izatea. Zeren erromes edo bidaiariren bat baletor eta sakandarren bati bidearen inguruan galdetu eta ideiarik ez balu, gaizki". Sakandarrek bidearen ibilbideaz eta bere jatorriaz jakiteari garrantzia handia ematen diote taldekideek. Hori egin bitartean ibarretik kanpo bidearen sustapena ere egin behar dela uste dute. 

Sakanan barna bidea egiten ari diren erromes eta bidaiariak badaude. "Tantaka etortzen dira". Hiriberri Arakilgo landetxe handi baten atean pare bat aldiz jo izan dute ostatu hartzeko, baina pertsona bakarrarendako etxe handi bat zabaltzea eta neguan berotzeak ez dienez merezi ez dute zabaldu. Zamartzen batzuk hartu izan dituzte. Gehienak oinez etortzen dira, bakarren bat bizikletan. Argitu dutenez, orain Santiago de Compostelara joateko bidea parean dugunez, edozein sakandar etxetik zuzenean abiatu daiteke. 

Ekarpena
Kide batek azaldu duenez, "gaur egun Donejakue bideak Sakanari gutxi ematen dio. Ez dago azpiegiturarik. Gurpil zoroa da. Bidaiariak etortzen ez badira zeinek jarriko du, esaterako, taberna bat. Baina zerbitzurik jartzen ez badira, nola etorriko da jendea. Gaur egun martxan jartzeko dugun arazo handiena hori da". Beste batek esan duenez, "momentuz, bideak lana ematen digu, orain arte urte askotako lana izan da". Aldamenetik besteak, "nola aldatzen duzu egoera benetan indar pixka bat har dezan?"

Sakanako ibilbidea zehaztuta dago, "baina berez erromesendako diren aterperik oraindik ez dago, halako bidaiari asko ez daudelako". Uharte Arakilgo Itsesi auzoan erromesendako aterpean zabalduko da heldu den urtean. Oinezkoendako eta bizikleta bide sarean dabiltzanendako izanen da. "Pitteka gaur egun ez ditugun azpiegiturak iritsiko dira", aurreratu dute. Bitartean Arbizuko eta Etxarri Aranazko kanpinetan aterpe bana daude eta erromesak edo bizikleta bide sarean dabiltzanak har ditzakete. Baita Zamartzen ere. Inoiz talderen bat Iturmendiko apaiz etxean izan da. Halako bidaiariek aterpeak eskatzen dituzte. Bestela hotelak eta hostalak badaude. 

Boluntario taldea 
Sakanako Donejakue Bidearen lagunak gaur egun dozena bat inguru sakandar dira. Batzuk hasieratik daude, beste batzuk utzi egin zuten, baina berriak sartu dira. Orain arte bakoitzak bere arlotik ekarpena egin izan du: elizatik, turismotik, ondarearen eta Historiaren berreskurapenetik... Denetariko jendeak bat egin du. Lagunek beraiek Sakanako bidea ezagutzeko ibilaldiak egin zituzten, etapaka. Nafarroako Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak ere antolatu izan ditu. Ibarreko bidearen berri emateko Sakanako Donejakue Bidearen lagunak ere hainbat ibilaldi antolatu izan ditu. 

Oraindik ez dira elkarte gisa eratu. Nafarroako Donejakue Bidearen Lagunen Elkartekoek proposamena egin zieten: "Sakanan elkartea sortu aurretik, Nafarroakoaren barruan Sakanako taldea sortzea proposatu ziguten, haren baitan autonomoa dena". Azaldu dutenez, "gure elkartea sortu aurretik, martxan jartzeko modu errazagoa da". Helburua da ibarrean Donejakue Bideko Lagunen Elkartea sortzea etorkizunean. "Beste elkarte batzuk horrela sortu ziren lehenago. Nafarroakoan bazkide asko dira eta ongi datorkigu", azaldu dute. 

Elkartea sortu ahal izateko sakandar gehiago erakarri nahi dituzte taldera. "Egituratu eta muskulua hartu nahi genuke, nolabaiteko egitarau bat lantzeko. Esaterako, hitzaldiak antolatu, bidea ezagutzeko martxak antolatzea... Mahai gainean hainbat ideia daude. Baina horiek egiteko taldea egonkortu eta indartu behar da". Sakandarrek dagoeneko bide bat egina dute. Taldea indartzeko Nafarroan dauden Donejakue Bidearen Lagunak elkarteak ezagutu nahi dituzte. Besteak beste, Baztanen, Iruñean, Garesen eta Tuteran daude elkarteak. "Haiek nola indartu ziren eta elkarte gisa nola eratu ziren" jakiteko eta ikasteko. Garesko elkartekoekin apirilean egon ziren. Baztango elkartea ere ezagutu nahi dute orain. "Pitteka Nafarroako elkarte guztiekin bildu eta haien ibilbidea ezagutu nahi dugu. Gu gauden lekutik aurretik pasa dira eta zer egin duten jakin nahi dugu". 

Gonbidapena
Sakanako Donejakue Bidearen lagunek azaldu dutenez, Sakanako Donejakue Bidearen lagunak "talde irekia da, edozeinek parte har dezake. Hasieran lau katu geunden taldean, eta pitteka indarra hartzen ari da taldea. Jendea gauzak egiteko gogotsu dago". Taldekideek sakandarrak taldean izena ematera eta hura indartzera eta zabaltzera animatu dituzte: "historia gustuko duten pertsonak izan daitezke, tartetxo bat libre duten pertsona horiek eta zaleak direnak... Ez da aditua izan beharrik. Bakoitzak bere gaitasunak ditu, eta denbora gauza baterako edo besterako eskaini dezake". Taldearekin harremanetan jarri nahi duenak donejakuebideasakana@gmail.com posta elektronikoko helbidera mezua bidal dezake. Kide berriei ongi etorria eginen diete. 

Sakanako bidearen jatorriaz

Erromatarrek Iter XXXIV galtzada I. mendean eraiki zuten. Erromatar galtzada Bordele eta Astorga lotzen zituela, hau da, Galia eta Astorga ondoko Meduletako urre meategiak komunikatzen zituen. Galtzada hori Orreagatik Iruñera joaten zen eta Sakanara Oskiatetik sartzen zen, ibarra zeharkatu eta, esan bezala, Astorgaraino joateko. 

Zortzi mende pasata, erromesek galtzada hori bera Santiago de Compostelara joateko erabiltzen hasi ziren. Erromesek Sakanako Donejakue bidea IX. mendetik XI. mendera arte erabili zuten. Galtzadako bidea izenez ere ezagutzen zen ibarreko Donejakue bidea. Gaztelak Nafarroako Erresumaren kontrako inbasio borrokak egin zituen 1199-1200 urteetan eta Araba eta Gipuzkoa haien esku gelditu ziren, Sakana "gaizkileen muga" bihurtuz. Nafarroako Antso Nagusia erregeak erromesek Iruñetik hego-mendebalderantz bideratzea erabaki zuen, Gares, Lizarra eta Vianatik Logroñora jo zezaten. Frantziako bidea horrela jaio zen. Hark erromesen segurtasuna hobetu zuen, haien pasaera erraztuz. Erromesek Nafarroan barna bide luzeagoa egin behar zutenez, bide berriak onura sozioekonomikoak ere ekarri zizkion Nafarroako Erresumari. Horren guztiaren ondorioz, ibilbide nagusi hori ibilbide txiki bihurtu zen, eta, denborarekin, bide zaharra ahaztuta geratu zen.

Hitzaldia

Aditu arkeologia zerbitzuak enpresako Fran Valle de Tarazaga Montero Zamartze monasterio inguruko arkeologia indusketak zuzendu zituen sei bat urtez. Sakanako bidearen lagunek aurtengo lana despeditzeko,  Valle de Tarazaga arkeologoa Zamartzera bueltatzera gonbidatu dute. Abenduaren 20an, larunbatarekin, 10:30ean Un hospital en el camino de Santiago en Sakana hitzaldia emanen du. Han egindako indusketetatik ateratako aztarnak Sakanako Donejakue bidearekin lotuko ditu.