Bi udalek 300.000 euro jasoko dituzte

Guaixe 2025eko abenduaren 16a

Nasuvinsa enpresa publikoak Arbizuko bost etxebizitzen proiketua egin zuen. ARTXIBOA

Lakuntzako eta Altsasuko udal eraikinetan hobekuntza lanak egiteko aukera emanen du. Nasuvinsak 150.000 euro jasoko ditu Arbizun babestutako etxeen proiektuari bulkada emateko eta Garalur Sakanan etxebizitzen inguruko lanarekin segitzeko

Nafarroako Gobernuaren aurrekontua onartzeko tramitazioan Parlamentuan ordezkatuta dauden taldeek hainbat emendakin aurkeztu dituzte. Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrekontuari aurkeztutako eta onartutakoen artean Sakanako bi udalekin erlazioa duten bi emendakin daude. Alde batetik, Lakuntzako Udalak 70.000 euro jasoko ditu kultura etxearen, musika eskolaren eta jubilatu elkartearen eraikinean isolamendu lanak egiteko. Oihane Andueza Uribetxeberria Garmendia alkateak azaldu duenez, "mendebaldeko fatxadaren %90 kristalezkoa da. Neguan hotz handia sartzen da, berogailuarekin konpon daitekeena, eta udan beroa, jubilatu elkartean 30 gradura arteko tenperaturak izaten dira". Horri aurre egiteko, eraikinaren mendebaldeko fatxada berria eginen du udalak, isolatzailea jarri eta leihoak "dezente" murriztuko ditu. Horrela, gaur egun dauden arazoak saihestu eta energia eraginkortasuna hobetuko dute. "Hegoaldeko leihoetan lama sistemak jarriko ditugu bero gehiegi ez sartzeko". Alkateak azaldu duenez, "legegintzaldi hasieran udal eraikinen energia eraginkortasuna aztertu genuen eta, horregatik, hobetu dugu eskolako isolamendua edo udaletxean egurrezko galdara jarri". Emendakina EH Bilduk aurkeztu eta onartua izan zen. 

Bestetik, Altsasuko Udalak 230.000 euro jasoko ditu. Udaletxea eraberritzeko lanen barruan, haren atzean, artxiboa hartzeko eraikin berria eginen du udalak. Gainera, udaletxearen atzean, iparraldean, dagoen eraikina berritu eta udaltzaingoaren egoitza izanen da. Geroa Baik aurkeztutako emendakinak Parlamentuaren onespena izan zuen. Altsasuko udaletxea erabat berritzeak 1,5 milioi euro balioko ditu. Udalak 2026an jasoko duen ditu horretaz aparte, gobernuaren aurtengo aurrekontutik 300.000 euro jaso zituen. Eta obraren finantziazioa osatzeko udalak foru gobernuaren 2026-2028 Toki Inbertsioen Planaren deialdira eskaera aurkeztu zuen. Eta ebazpenaren zain dago.

Gehiago
Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Departamentutik 100.000 euro Nasuvinsa enpresa publikora joanen dira, hain zuen, Arbizun babes ofizialeko bost etxebizitzen proiektua dinamizatzeko izanen dira. EH Bilduk emendakina aurkeztean argudiatu zuenez, "Nasuvinsaren eta hainbat toki-erakunderen artean blokeatutako hitzarmenak betetzeko" balioko du diru horrek. Fº Javier Razkin Flores alkateak azaldu duenez, "Nasuvinsarekin alokairurako bost etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu genuen 2022ko irailean. Baina enpresa publikoak aurrekonturik ez zuela eta bertan behera gelditu zen. Diru sail horrekin geldi zegoen proiektuari bulkada eman nahi diogu. Gobernuaren aurrekontuetan halako egitasmoak egiteko diru asko bideratu da. Baina inork ez dezala pentsa diru partida bat eman dutelako etxebizitzak berehala eginen direnik", gaztigatu du alkateak. Hitzarmenaren arabera Arbizuko Udalak San Joango bidea kalean duen 407,1 m2-ko lursaila Nasuvinsari emanen lioke, hark bertan etxebizitzak jasotzeko. 

Bestetik, Cederna-Garalur elkarteak 50.000 euro jasoko du Sakanako etxebizitzarako gida proiektua idatzi eta dinamizatzeko. EH Bilduk aurkeztu zuen emendakina, "Garalurrek Sakanako Etxebizitza Gidaren edizioan eskualdeko biztanleei informazioa emateko egin duen lana” babestu nahi du horrela. Haren aldeko botoa eman zuten PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin koalizioak eta kontra UPNk, PPNk eta Talde Mistoak.