Aurreneko Korrika Oñatiko Unibertsitatearen atetik 1980ko azaroaren 29ko 22:00etan abiatu zen, eta Bilbon abenduaren 7an bukatu zen. 1.820 kilometroko ibilbidea izan zuen eta Zuk ere esan bai euskarari izan zen leloa. Lehen edizioaren 45. urteurrena gogoan, AEKk ekitaldia egin zuen Oñatin azaroaren 29an. Ekitaldian Korrikaren sortzaileak gogoan izan zituzten: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEKide guztiei ere esker ona adierazi zieten: Julen Kaltzada, Bittor Allende... Baita lehenengo Korrika hartan protagonista izan zirenei ere. Xabier Amurizari, Korrikaren lehendabiziko kantaren sortzailea izateagatik. Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea izan zelako. eta lekukoa estreinakoz eraman zuten Eli Galdos Zubia Oñatiko alkate izan zenari eta Jose Maria Satrustegi Zubeldiari. Euskaltzain arbazuarraren Pilartxo eta Maria Jesus ahizpak eta Aintzane Esparza iloba izan ziren ekitaldian.

Ekitaldiak ospakizunetik eta omenalditik izan zuen, baita aldarrikapenetik ere. Korrikako arduradun Ane Elordik gaztigatu zuenez, "zoritxarrez, oraindik, 45 urte eta 23 Korrika geroago, Korrika antolatzeko beharrizan berberak ditu AEKk: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Elordik argi utzi nahi izan du ezen "ez gara folklore. AEK gara. KORRIKA gara. EUSKARA gara".
AEKren Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek esan zuenez, kontu batzuk ez dira horrenbeste aldatu 45 urtetik hona: "Berriki esan dugu 24. Korrikan aldarrikatu nahi dugula euskara guztiondako aterpe irekia eta erosoa dela; eta, nola ez, presa dugula Pizkunde berri bat abiatzeko, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira". Horretarako, beste gauza batzuen artean, AEKkoak nabarmendu zuen helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar dela; izan ere, gaur-gaurkoz, eta garai hartatik aurrerapausoak eman diren arren, aldarrikapenek berdin jarraitzen dute: "Helduen euskalduntzea lehen lerrora ekartzeak esan nahi du botere publikoek gisa horretako aitortza egitea". Bestela, AEKk jarraitu beharko du Korrika antolatzen, hala dirua biltzeko nola euskararen normalizazioaren aldeko lana aurrera eramateko Euskal Herri osoan.

AEKko ordezkariek hiru eskaera egin zituzten. Aurrena, "Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakarra" sortzea aldarrikatu zuten; helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko jarduna koordinatu eta osorik finantzatuko duen agentzia bat, hain zuzen ere. Hurrena, doakotasuneranzko bidean pauso sendoagoak emateko konpromisoa; hau da, “herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskara ikasi ahal izateko, eta herritar bakoitzak 2.000 orduko poltsa bat izatea euskalduntze-prozesu osorako”. Eta, atzena, euskara ezagutzeko beharra sustatzea. Azpimarratu zutenez, Euskal Herri osoan bizitzako alor guztietan euskara nagusi izatea jomugan, beharrezkoa dela hizkuntza politika koordinatu, bateratu eta bakarra egotea, “Erdaldun elebakarrei argi sentiarazteko euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa gertatuko zaiela. Hala, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten, oso beharrezkotzat jotzen dugu hizkuntza-politikako zenbait neurrik lege-babesa izatea ezagutzaren unibertsalizazioa espresuki jasotzea”. Bereziki, lau eremu aipatu zituzten: administrazioa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala.