Euskara eroso eta talde txikitan praktikatzeko aukera

Guaixe 2025eko abenduaren 18a

Sakanako mintzakide taldeak. ARTXIBOA

Mintzakideko hamahiru talde martxan daude, eta berriak sortzeko aukera dago

Inguruan euskaldunik ez duelako, euskaltegian ikasitakoa sendotzeko, jario biziagoa lortzeko, hizkuntza aberasteko, zaletasun bat beste batzuekin euskaraz egin ahal izateko... Makina bat arrazoi egon daitezke Mintzakiden izena emateko. Programa horrek euskaraz aritzeko guneak eskaintzen die horretan interesa duten pertsonei. Euskarazko mintzapraktika taldeen funtzionamendua oso erraza da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat astean ordu betez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzen da. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da baina, geroz eta gehiago, parte hartzaileen nahi eta beharretara moldatzen diren taldeak sortzen ari dira, egitasmoaren malgutasunaren erakusle.

Sakanako zazpi herritan hamahiru mintzakide talde martxan daude. Baina berriak sor daitezke. Batzuek taberna edo kafetegi batean elkartzen dira, kafe bat hartuz euskaraz hizketatzeko. Baina mendi edo bizikleta buelta bat emanez praktikatu daiteke, elkarrekin mahai jolasetan jokatuz, josiz... Zaletasunak ere ematen baitu euskara praktikatzeko eta jendea ezagutzeko aukera. Nabarmentzekoa da Mintzakiden ari direnak ekarpen oso garrantzitsua egiten diotela euskararen biziberritze prozesuari. Benetako aktibista linguistikoak dira eta musutruk, modu boluntarioan eta bere onena emanaz egiten duten ekarpen hau, behar-beharrezkoa dugu erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Sakanako Mintzakide programa Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatzen du eta Sakanako AEK-k koordinatzen du. Dagoeneko martxan dauden taldeetan sartu daiteke, edo berri bat sortzeko proposamena egin. Izena eman nahi duenak 600 48 22 24 telefono zenbakira hots egin edo sakana_mintza@aek.eus posta elektronikora idatzi behar du. Izen ematea dohainik da.

Mintzakide taldeak 

Irurtzun
asteartetan, 18:30ean, Iratxo elkartean.
ostiraletan, 09:00etan, Pikuxarren.
ostiraletan, 19:00etan, Pikuxarren.

Lakuntza
asteazkenetan, 18:30etan, jubilatuen elkartean.

Arbizu
asteartetan, 16:00etan, eskola zaharrean.

Etxarri Aranatz
ostiraletan, 18:30ean, Xapatero tabernan.

Altsasu
astelehenetan, 10:00etan, liburutegian.
astelehenetan, 16:00etan, Gautxori tabernan.
ostegunetan, 20:30ean, Lezea tabernan (Altsuko euskara).
ostiraletan, 09:30ean, Kaixo tabernan.
ostiraletan, 10:00etan, Zubeztia elkartean.

Olatzagutia
astelehenetan, 17:30ean, Ogiberri kafetegian.

Ziordia
ostiraletan, 17:00etan, liburutegian.