Lehenengo aldiz jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala Nafarroa Arenan, azaroaren 29an, eta aretoa bertsolariz bete zen: 2.500 bat lagun elkartu ziren bertan txapelketaren azken egunaz gozatzeko eta zortzi finalisten lana entzuteko. Xabat Illarregi leitzarrak jantzi du 2025eko txapela, Joanes Illarregi anaiarekin buruz burukoa jokatu ondoren.
15:30ean zabaldu ziren Nafarroako Arenako ateak bertsozaleak hartzeko, eta 17:00etan igo ziren oholtzara bertsolari finalistak. 24 bertsolarirekin hasi zen txapelketa, hiru faseren eta zortzi saioren ondoren, zortzi igo ziren finaleko oholtzara; zozketak erabakitako ordenean aritu ziren kantari: Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia, Julio Soto Ezkurdia, Saioa Alkaiza Guallar, Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez etxarriarra eta Sarai Robles Vitas.
Sailkapena
Ariketaz ariketa lehenengo atala bete ostean Illarregi anaiek lortu zuten puntu gehien, eta eurek kantatu zuten buruz burukoan. Azkenean, Xabat Illarregik jantzi zuen txapela Sergio Barandiaranen eskutik: 1205 puntu lortu zituen. Haren atzetik Joanes Illarregik 1198.5 puntu lortu zituen. Hirugarren sailkatua Saioa Alkaiza izan zen, 732 punturekin, eta laugarren sailkatua Julio Soto 724,5 punturekin, 2023ko txapelduna izan zena. Eneko Lazkoz etxarriarra, aurreko edizioko txapeldunordea, 709 puntu lortu zituen, eta bosgarren sailkatu zen. Sarai Roblesek 695,5 puntu lortu zituen, Ekhiñe Zapiainek 666 eta Eki Mateorena 637 puntu, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Gai jartzaile lanetan Ainhoa Larretxea Agirre eta Ander Aranburu Arriola ibili ziren, eta zazpi epailez osatutako epaimahaia izan zen, tartean Joseba Beltza etxarriarra.