Abesbatzen Eguberrietako kontzertuak ate joka

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko abenduaren 16a

Etxarri Aranazko Abesbatza eta Erkudengo Ama Abesbatza elkarrekin Diabulus in Musica ikuskizunean.

Erkudengo Amarena abenduaren 20an eta Etxarriko Abesbatzarena 21ean izanen dira, herrietako elizetan

Iortia kultur gunean, abenduaren 13an, Diabulus in Musica taldearekin egin zuten ikuskizunaren ondoren, Etxarri Aranazko Abesbatzak eta Erkudengo Ama Abesbatzak neguko kontzertuak emanen dituzte. 

Abenduaren 20an, larunbata, 21:30ean, eginen du Altsasuko Erkudengo Ama Abesbatzak Gabonetako kontzertua, herriko elizan. Ainhoa Beramendi piano jotzailearen parte hartzea ere izango dute, eta kontzertua Maripiri omenaldi bat ere izango da, Enrike Zelaiaren laguntza bereziarekin.

Abenduaren 21ean, igandea, 19:00etan, Etxarri Aranazko elizan, Ur goiena, Ur barrena kontzertua emanen du Etxarri Aranazko Abesbatzak. Kontzertuan koru txikiak ere parte hartuko du, eta bi zuzendari izanen ditu: Javier Igoa eta Xabier Garziandia. Urte hasieran Alicia Armendarizek eszedentzia hartu zuen, eta ordezkoak ezin zuela jarraitu esan zien udan. Hasieran Garziandiak hartu zuen gidaritzapean, baina ezin zuenez Igoari eman zion ardura; 21eko kontzertuan biak ariko dira.