Sorkuntza katetik ateratako ipuinak

Guaixe 2025eko abenduaren 12a

Ikasleak, kontseilaria eta idazleak. NAFARROAKO GOBERNUA

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, ibarreko bi eskoletako ikasleek ipuinen idazketa kolektiboan parte hartu dute, beste 34rekin batera.

Nafarroako Lehen Hezkuntzako 36 ikastetxetako ikasleek, tartean Irurtzungo Atakondoa eta Iturmendiko Arrano Beltza eskoletakoak, Ipuina Eskuz Esku Giza Eskubideak ekimenean parte hartu dute. Guztira 1.170 ikaslek parte hartu dute. Aurreko sei edizioetan bezala, guztien artean euskarazko eta gaztelaniazko ipuin bana idatzi dute. Horretarako, ipuinak ikastetxez ikastetxe ibili dira. Eta eskola-egun bakoitzean, ikastetxe bat arduratu da narrazio bakoitzari paragrafo bat edo bi gehitzeaz. Lastailaren 7an abiarazi zuten idazketa eta azaroaren bigarren hamabostaldian despeditu zen.

Giza Eskubideak funtsezko gai duten bi ipuin idatzi dituzte ikasleek. Angel Errok euskarazko ipuinari eta Katrin Peredak gaztelaniazko ipuinari emandako hasierei emandako segidekin osatu dituzte ikasleek bi ipuinak. Batak La banda del mejor mundo posible izenburua du eta besteak Galaxien arteko eskubideen aldarrikapen unibertsala. Horiek liburu batean jaso ditu Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak eta ikastetxeetan banatzeaz aparte, herritarrendako ere eskuragarri jarriko du.

Liburuaren aurkezpena Iruñeko San Frantzisko Liburutegi Publikoan egin zuten Ana Ollo Hualde lehendakariorde eta kontseilariak eta bi idazleek. Haiekin batera hainbat ikastetxetako ikasleak zeuden, tartean Atakondoakoak. Ikasleak Pereda eta Errorekin hizketatzeko, galderak egin eta kezkak trukatzeko aukera izan zuten. Bi idazleak haiek hasitako ipuinek izandako garapenarekin interesa azaldu zuten.

Argitaratu berri diren bi ipuinak Marisa Serrano, Inma Gurrea eta Izaskun Mujika narratzaileen parte-hartzeari esker taularatuko dira Cadreita eta Noaingo liburutegietan.