Pilota

Soilik Zabaletak puntuatu du Binakako laugarren jardunaldian

Guaixe 2025eko abenduaren 15a

Zabaletak eta Elordik pozik ospatu zuten garaipena.

Ezkurdiak eta Martijak euren partidak galdu zituzten eta bina puntu dituzte. Zabaletak puntu bat gehiago.

Binakako Txapelketan laugarren jardunaldia jokatu zen. Hiru sakandarretatik bakarrak puntuatu zuten, Zabaletak. Ezkurdiak eta Martijak, aldiz, ez zuten saririk bildu. 

Bilboko Deportivon jokatu zuten Altunak eta Ezkurdiak, Larrazabalen eta Mariezkurrenaren kontra, betea zegoen frontoian. Partida oso gogorrean, Altuna eta Ezkurdia aurreratu ziren hasieran, 5-0, baina Larrazabalen gantxo batek euren bolada eten eta partida parez parekoa izan zen hortik aurrera. Urdinek Ezkurdia zigortu nahi zuten. Deportivo frontoi luzea eta altua da. Ezkurdia airez defendatzen zen eta Altuna bera laguntzen saiatu zen une oro, baina arbizuarrak defentsan jokatu zuen, eta Larrazabal eta Mariezkurrena gailendu ziren. 18-10 aurreratu ziren urdinak, euren jotzeari esker. Hala ere, partidak estu-estu jarraitu zuen, eta hamalaura, hamaseira eta hamazazpira berdindu zuten gorriek. Beraz, guztia bukaeran erabaki zen. 19-17 aurreratu ziren gorriak, Altunaren gantxo bati esker, baina gorriek bi opari egin zituzten eta 19ra berdindu zuten urdinek. Urdinen jotzea ikaragarria izan zen orduan, gorrien defentsa apurtzeraino. Horrela, 19-22 gailendu ziren Larrazabal-Mariezkurrena, partida oso gogorrean. 

Zabala-Martijak Artola-Imaz izan zituzten aurkari Urretxun, frontoia lepo betea zegoela. Kasu honetan ere partida oso gogorra izan zen. 851 pilotakada gurutzatu ziren, eta Artola-Imaz gailendu ziren, Imazek Zabala eta Martijaren erasoak sendo eutsi zituelako. Hori izan zen partidaren gakoa. 
Hasieran parez pare aritu ziren bi bikoteak. Hasieran Zabalari eta Martijari sentsazio hobeak antzematen zitzaizkien, baina Artolak eta Imazek behetik gora egin zuten eta 11-6 aurreratu ziren. Segidan Zabala-Martijaren erreakzioa iritsi zen, eta 11-9 eta 12-11 hurbildu ziren. Beraz, bi bikoen parekotasuna zen ezaugarria. Bigarren zatian Zabalak eta Martijak Imaz erasotu zuten, baina sendo eutsi zuen eta Artola-Imaz gailentzen hasi ziren. 17-12 eta 18-14 jarri ziren aurretik, eta hala segitu zuten, 22-15 irabazi arte. 

Elordik eta Zabaletak  Jakaren eta Iztuetaren kontra jokatu zuten Mallabian. Zabaletaren eta Iztuetaren arteko lehia ikusteko gogo handia zuen katedrak, bi atzelari handien arteko borroka estua espero baitzen, baina ez zen esperotako lehia izan, Elordik eta Zabaletak hasieratik dominatu eta aurreratu baitziren. 0-5 aurreratu ziren, 3-10era joan ziren eta abantaila handia hartu zuten, bukaerara arte ongi kudeatu zutena. Zabaletak izugarri jo zuen eta aurreko koadroetan Elordi finago aritu zen. Gorriek ez zuten bere arratsalderik onena izan eta, azkenean, 12-22 gailendu ziren. 

Bestalde, Lasok eta Albisuk 22-17 hartu zituzten mendean Peio Etxeberria eta Rezusta, Nafarroa Arenan.