Euskalgintzaren Kontseiluak deituta elkarretaratzea egin zen Nafarroako Parlamentuaren parean atzo. Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak esan zuenez, "Nafarroan, lurralde gehienean, euskarak ofizialtasuna ukatua izatea oinarrizko oztopo bat da behar bezalako hizkuntza politikak egiteko". Eskisabelek gaineratu zuenez, "ofizialtasuna hizkuntza bati eta, batik bat, hiztun komunitate bati, gutxieneko nor izate aitortza egitea da; gutxieneko berdintasun aukera ematea". Horrek "minorizazio egoeran dagoen hizkuntza eta hiztun komunitate bati, normalizaziora, berdintasunera, heltzeko aukera emango dioten politika publikoak, hizkuntza-politikak, segurtasunez eta iraunkorki egin ahal izateko zorua".
Eskisabelek gaineratu zuenez, "euskara ofiziala Nafarroa osoan izatea nafarren arteko desberdinkeria eta segregazio egoera konpontzea da". Egun indarrean dagoen Euskararen Legea "aho biko kaltea" eragiten duela gaztigatu zuen: "batetik, euskaraz, Nafarroako berezko hizkuntzan, ardazten diren milaka nafarrek urratuak eta ukatuak dituztela beren hizkuntza eskubideak egunerokoan. Eta, bestetik, milaka nafarrek ukatua dute Nafarroako berezko hizkuntzara hurbiltzeko aukera, ukatua ezagutza, ukatua harremana". Idazkari nagusiak nabarmendu zuenez, "bien baturak dakar zonifikazioak berak ezarritako gizarte arrakala gero eta handiagoa izatea, zonifikazioak zonifikazioa ekoizten eta indartzen baitu".
Horregatik, ziurtatu zuen "indarrean den Euskararen Legea segregatzailea" dela. Esan zuenez, "euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea gizarte kohesioaren aldeko pausoa da; justizia sozialean, bizikidetzan, askatasunean, eta, azken buruan, demokratizazioan sakontzekoa".

Indarraldi ziklo berri bati ekiteko deia
Kontseiluak hizkuntza larrialdi egoera adierazi zuen joan zen urteko azaroan, eta euskarari Pizkunde berri bat emateko garaia dela aldarrikatu izan du. "Nafarroan Pizkunde hori gerta dadin ezinbestekoa da euskarak ofizialtasuna eskuratzea Nafarroa osoan. Hori da atzeraldia eragotziko duten hizkuntza-politikak egiteko bermea", esan zuen Eskisabelek. Eta dei egin zien alderdi eta koalizio politikoei "Foru Amejoramenduaren inguruko eztabaida baliatu dezatela euskarari berdintasun estatusa emateko Nafarroa osoan. Ezinezkoak ziruditen beste hainbat auzitan posible izan da aldaketa, posible izan dira gehiengo berriak. Nafarroako gizarteak kohesioan, justizian, bizikidetzan eta demokratizazioan irabaziko badu, hizkuntzaren auzian ere egin beharrekoa da pausoa".
Bitartean Euskalgintzaren Kontseiluko kideak "euskararen aldeko indar soziala hauspotzen, batzen, hizkuntza baten biziraupenetik harago gizarte kohesioan eta justizia sozialean sakontzeko duen garrantziaren berri ematen" ahaleginduko direla jakinarazi zuen. "Hori posible izan dadin, milaka euskaltzaleren ekimen eta bultzada beharko dugu, euskara berriro ere lehen lerrora ekartzeko eta euskaltzaletasuna indartzeko". Hori dela eta, abenduaren 27an Bilbon, Miribillan, euskaltzaleon batasuna eta indarra erakusteko, euskara guztion ardura dela aldarrikatzeko, eta hizkuntza politiketan aldaketa eskatzeko antolatutako ekitaldian parte hartzeko gonbidapena egin zuen.