Urdiain UEMAko kide

Guaixe 2025eko abenduaren 17a

Urdiaingo alkate David Oroz Alonsok hitza hartu zuen batzarrean. UEMA

Dagoeneko ibarreko sei udal dira mankomunitateko kideak. UEMAko arduradunek adierazi dutenez, "hizkuntza politika berriaren orubeak sendotzeko urtea izan behar du 2026ak"

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) urte akaberako Batzar Nagusia Etxarri Aranazko kultur etxean egin zuen larunbatean, azaroak 13. Erakundeko kide diren udalerrietako 150 bat alkate eta zinegotzi elkartu ziren, tartean Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiaingo udal ordezkariak. Hain zuzen batzarrean Urdiain UEMAko kide izatea onartu zuten. Urdiain aurretik ere, 2000 eta 2013 urteen artean, mankomunitate horretako kide izan zen. 

Batzarrari dagokionez, Bukatzear den urtearen balantzea eta 2026rako egitasmo nagusiak eta plangintza ere onartu zituzten batzarkideek. UEMAko lehendakari Martin Aramendi Aranak adierazi duenez, "bukatzera doan urtea oso garrantzitsua izan da UEMArendako", eta zenbait mugarri gogoratu ditu.

Batetik, maiatzean argitaratutako udal koaderno demolinguistikoak. "UEMAko kide den udalerri bakoitzarena landu eta udal bakoitzari berea eman genion. Euskararen egoerari eta bilakaerari buruzko argazki eguneratuak dira, eta horrek datuetara ekartzen du herriz herriko euskararen egoera, lanerako lanabes garrantzitsua bihurtuz".

UEMAren eskariz Siadecok egindako ikerketa ere gogoratu du Aramendik. "Aldaketarik ezean 2036an euskararen egoera zein izango den aurreikusten du proiekzio demolinguistikoak, eta ondorioek alarma gorri guztiak piztu dituzte. Arnasguneak desagertzeko bidean daudela erakusten duelako, eta oro har arlo guztietan atzerakada zantzuak aurreikusten direlako".

Oldarraldiaz
Euskararen kontrako oldarraldia, horrek udalerri euskaldunen jardunean duen eragina, eta epaiak salatzeko UEMAk deituta herriz herri milaka herritar kalera atera izana ere nabarmendu du Martin Aramendik. "Milaka eta milaka herritarrek euskararentzat justizia, lege-babesa eta arnasa eskatu zituzten uztailean udaletxeen aurrean, eta horri erantzutea dagokigu 2026an, behar diren aldaketak adostuz".

Azkenik, lastailean egin zen arnasguneen garrantziari buruzko nazioarteko konferentzia ere gogoratu du Aramendik: "Hizkuntza gutxituen biziberritzean arnasguneak giltzarriak direla esan ziguten bateko eta besteko adituek, eta ondorio argi batekin amaitu zen konferentzia: arnasguneak motor gisa hartuko dituen lurralde estrategia behar dugu, euskara biziberritzeko eta gainbehera iraultzeko".

Horri guztiari erantzuteko, 2026rako plangintza onartu du gaur UEMAren Batzar Nagusiak. Udalak zein udalerriak euskalduntzeko ohiko lan-ildoak biltzen ditu, baina baita lurralde estrategia garatzeko eta arloz arlo lantzeko ekimenak ere.

Adierazpenak
UEMAko lehendakari Aramendik esan zuenez, "euskarak benetako lege-babesa izan dezan akordiotara heltzeko" UEMAk "ahalegin guztiak" egingo dituela ere adierazi du Aramendik, eta argi hitz egin du urte berriak dakarren erronkaren garrantziaz: "Orain arteko hizkuntza politikak eman du berea. Honaino iritsi gara, eta aldatzeko garaia dela erakusten dute datu eta zantzu guztiek. Beraz, aldaketarako garaia da, ezinbestean. Kalean herritarrak eta euskaltzaleak izango dira pizkunde berria hauspotuko dutenak, eta erakunde publikooi horri behar bezala erantzutea dagokigu".

Kontseiluak abenduaren 27an Bilbon egingo duen ‘Euskaraz bizitzeko pizkundea’ ekitaldiarekin ere bat egin zuten UEMAko kideek. Hara joateko deia egin dute udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek.

Datuak

120
UEMAko kide diren udalak. 

355.000
UEMAko udalerrietako biztanleek osatzen duten lurgune euskalduna. 

6
UEMAko kide diren Sakanako udalak: Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiain.

6.082 
Sakanako UEMAko udalerrietan bizi diren pertsonak. 

%29,38
Sakanako biztanleriaren kopuru hori da UEMAko udalerritan bizi diren pertsonak.