Hirugarren mailako hamabigarren jardunaldian Altsasuk bigarren garaipena jarraian lortu zuen, Universidad de Navarrari 2-5 irabazita. Altsasu oso sendo aritu zen, eta 25. minuturako 0-4 aurreratu zen Guillermo Mesquidak penaltiz sartutako bi golekin eta Asier Salgadok eta Aritz Sevillak sartutakoekin. Universidad gerturatzen hasi zen, 2-4, baina 37. minutuan Asier Salgadok sartutako bosgarren golarekin euren asmo guztiak zapuztu zituzten. 2-5 irabazita, pozik itzuli zen Altsasu etxera.
Aralar Mendik Orkoienen jokatu zuen, Kirol Sporten kontra. Partida hasi eta berehala 2-0 aurreratu zen Kirol Sport; Eder Sendrak 2-1 gerturatu zuen Aralar Mendi, baina hirugarrena sartu zuten Orkoiengoek. Mikel Martiarenak sartutako golarekin 3-2 hurbildu ziren sakandarrak, baina ondoren Kirol Sporten bolada itzela etorri zen, eta 8-2 jarri ziren aurretik. Azken minutuan Mounir El Akkarik hirugarrena sartu, eta markagailua pixka bat makillatu zuen. 8-3 erori zen Aralar Mendi.
Ibararte da areto futboleko hirugarren mailako lider (27 puntu). Altsasu zortzigarren da (14 puntu) eta Aralar Mendi hamaikagarren (9 puntu). Hamahirugarren jardunaldian Aralar Mendik sailkapenean laugarren den Betelu Futbol Taldea hartuko du abenduaren 19an, ostirala, 19:30ean, Uharte Arakilen. Egun berean, Altsasuk bederatzigarren eta arerio zuzena den Kirol Sport hartuko du Zelandin, 20:00etan.