Areto futbola

Lehen autonomikoan, bide berean

Guaixe 2025eko abenduaren 17a

Arbizuk Cantera hartuko du.

Gizonen lehen autonomikoan, Arbizuk eta Xotak garaipen sendoak lortu zituzten eta Altsasuk irabazi gabe jarraitzen du

Gizonen lehen maila autonomikoan hamaikagarren jardunaldia jokatu zen.

Arbizu Kirol Taldeak Los Saucesen kontra jokatu zuen Eskiroz Kiroldegian. Arbizuarrak bikain hasi ziren eta 0-3 aurreratu ziren Beñat Jaka, Julen Luis eta Andoni Goikoetxeari esker. Baina une horretan Los Sauces esnatu zen eta hiruna berdindu zuen. Azken minutuetan bi taldeek dena eman zuten, baina Arbizu izan zen kontrako atean asmatu zuena. Horrela, 3-6 irabazi zuen Andoni Goikoetxeak (2) eta Mattin Petriatik lortutako azken hiru golei esker. 

Xotak Berriozarko Mendialdea hartu zuen Atakondoa kiroldegian eta partida paseo hutsa izan zen Irurtzungo taldearendako, 12-1 irabazi baitzion Mendialdeari. Imad El Ougdi (3) Mikel Arregi, Julen Fernandez, Asier Martin, Andres Felipe Cadena, Ibai Zubikoa, Mikel Beloki (2), Oier Amezgarai eta Asier Astiz izan ziren golegileak. 

Altsasuk Erriberrin jokatu zuen, Oliteren kontra. Partida nor baino nor hasi zuten bi taldeek, baina berehala 2-0 aurreratu zen Olite. Bachir Saidek 2-1 hurbildu zuen Altsasuk, baina Olitek aginte makila hartu zuen eta, azkenean, 7-1 irabazi zion Altsasuri. 

Datorrena
Ibararte da gizonen lehen maila autonomikoko liderra (31 puntu). Arbizuk hirugarren jarraitzen du (26 puntu) eta Xotak laugarren (24 puntu). Altsasu azkena da, hamabigarren, punturik gabe. Hamabigarren jardunaldian Arbizu Kirol Taldeak sailkapenean zazpigarren den Universidad de Navarraren kontra jokatuko du abenduaren 18an, 20:30ean, Iruñean. Xotak egun berean seigarren den Cantera hartuko du, 20:30ean, Atakondoan. Azkenik, Altsasuk abenduaren 19an, 21:00etan, bosgarren den Los Saucesen kontra jokatuko du Eskirozen.