Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzuak Hemen ez da ezer botatzen kanpainaren barruan, pintxo ibiltaria ekimena hiru azoketan izan da aste honetan. Etxarri Aranatzen astelehenean eguraldiak ez zuen lagundu eta jende gutxi izan zen. Kontrakoa gertatu zen Irurtzunen asteartean eta Altsasun asteazkenean.
Hiru azoketan Mank-etik sakandarrei azaldu zietenez, "gure elikagaien ibilbideren etapa bakoitzak baliabideak xurgatzen ditu gure planetatik, eta berotegi efektuko gasen isuriak eragiten ditu". Horregatik, erabiltzen ez diren elikagaien zatiekin osatutako Sakanako shusi pintxoa prestatu eta eskaini zuten. Haren osagaietako batzuk ziren: aza hostoak, arroza, porruen zainak, azenariodun tomate saltsa eta erregositako tipula eztiarekin.
Aholku sorta
Etxean elikagaiak alferrik ez galtzeko sein aholku zituen esku-orria ere banatu zuen Mank-ek. Horren arabera, armairuan edo hozkailuan sartzen den produktuak izan behar du ateratzen dugun lehena. Bestetik, aholkatu zuten hozkailua garbi eta ordenatuta mantentzea. Aldi beran, bai prestatzerakoan bai zerbitzatzekoan errazioak doitu beharra dugula gaztigatu dute.
Jakien hondarrekin sormena landu eta errezeta berriak egiteko gonbidapena egin du Mank-ek, horrela elikagai hondarrak aprobetxatuko baikenituzke. Bestetik, edukiontzi marroira edo konpostagailura aprobetxatu ezin daitekeena bakarrik botatzeko eskatu du. Azken aholkuak menuen planifikazioarekin zerikusia du. Horretarako zein elikagai ditugun aztertzea, prestatuko ditugun errezetak aukeratzea eta erosketen zerrenda egitea aholkatu du.
Jakinarazpena
Mank-ek ontziratutako produktuek dituzten daten inguruko kontzeptuak ere argitu nahi izan dizkie herritarrei. Batetik, iraungipen data dago. Data pasata badago, jaki hori ez litzateke jan beharko. Bestetik, kontsumo lehenetsiaren data dago. Ontzian idatzitako data horretaraino jakiak aurreikusitako kalitatea kontserbatzen du. Baina produktua data hori pasata ere kontsumi daiteke, osasunari arriskurik eragin gabe.