Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak aitortu duenez, "azken hamarkadetan euskararen biziberritzean egindako pausoak ukaezinak dira. Hala ere, susperraldi ziklo hori agortzen ari denaren zantzuak nabariak dira datu soziolinguistikoetan, eta horietatik abiatuta azken urteetan egin diren diagnostikoetan".
Horregatik, Kontseiluak hizkuntza larrialdi egoera adierazi zuen joan zen urteko azaroan. "Pauso bat aurrera egin eta larrialditik indarraldira bideari ekiteko beharra" aldarrikatu du Eskisabelek. Sakanako euskalgintzako eragileengana eskaera batekin jo dugu: nor bere esparruan euskarak bizi duen larrialdi egoera eta beharrezko indarraldia azaltzea.

Larrialdia
Mank-eko Euskara Batzordeko buru eta Altsasuko euskara zinegotzia da Ainize Ibargutxi Iparragirre. Esan duenez, "bizi dugun egoera ikusirik, eta egunerokora begiratuz gero, makina bat esparrutan nabaritzen ari da". Ibargutxik hainbat adibide eman ditu: "erabilera eta ezagutzaren artean sortzen ari den arrakala, arnasguneak sortu eta mantentzeko zailtasunak, euskararen normalizazioa ahalbidetu beharko luketen hizkuntza politikak garatzeko edota egikaritzeko zailtasunak eta euskararen normalizazioa xede duten politikak eraisten ari den oldarraldi judiziala aipatu daitezke".
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) Sakanako arduradun Mikel Orbañanos Iribarri larrialdiaz galdetuta, esan duenez, "kaleko erabilerari behatu besterik ez dago alarmak pizteko". Jakinarazi duenez, "aurten, lehen aldiz, UEMAk udal koaderno demolinguistikoak argitaratu ditu, UEMAko kide den udal bakoitzeko bat. 120 guztira". Azaldu duenez, "euskararen bilakaeraren eta gaur egungo egoeraren argazki eguneratua eskaintzen da, datuetatik abiatuta, eta oro har guztietan ikusten da atzeranzko joera, batez ere lehen hizkuntzan, kaleko zein etxeko erabileran edota hizkuntza gaitasunean". UEMAkoak laburbildu duenez, "datu horiek arnasguneen gainbehera ere erakusten dute, eta hori oso kezkagarria da edozein hizkuntza gutxiturendako, arnasguneak ahultzea eta desagertzea heriotza zigorra baita hizkuntzendako".
Ikastetxeak
AEKko Sakanako arduradun Patxi Flores Lazkozek esan duenez, "seguru asko, hedabideei erreparatuz, hainbat epaileren epaiak izanen dira nabarmenenak. Hala ere, horietaz gain, euskaraz aritzeko gazteen gaitasuna ere murrizten ari da; ondorioz, erabilera ere bai, baina, ez da horien kapritxo hutsa, izan ere, sare sozial ia guztiek erdaraz funtzionatzen dute. Hortaz, iturria erdalduna baldin bada, emaitza ere ildo horretakoa izanen da".
Sakanako Herri Eskoletako Itziar Pazos Lazkanok esan duenez, "larrialdi egoera gizarte mailakoa da; euskaraz geroz eta gutxiago eta okerrago egiten da. Horixe islatzen da ikastetxeetan ere. Lehen, erdaldunak euskalduntzea zen erronka nagusia. Egun ordea, jaiotzez euskaldunak direnen kasuan ere, geroz eta lehenago jotzen dute erdarara eta euskaraz ari direnean ere, modu inkontzientean gaztelaniazko hitzak tartekatzen dituzte". Lazkao Txikiren esana ekarri du gogora Pazosek: "gazteleraz ari dira, euskaraz ari direlakoan". Eskolen ordezkariak gaineratu duenez, "migrazioak ikasle ez-euskaldunen kopurua handitu du, eta horrek erronka bikoiztu egin du".
"Arnasguneak ahultzea eta desagertzea heriotza zigorra da hizkuntzendako"
Andra Mari ikastolako Iñigo Orella Altzuetak azaldu duenez, "euskararen ezagutza handitu arren, gaitasunean ahul gabiltza; etxea eta eskola euskararen transmisioaren gotorlekuak izan arren, Nafarroan D eredua ez da hazten ari eta sumatzen da bertan ikasitako ikasle batzuk ez direla euskal hiztun gaituak". Iñigo Aritza ikastolako bi zuzendarietako bat den Amagoia Agirre Alkortak gaztigatu duenez, "erdalduntze prozesua euskalduntzearena baino askoz indartsuagoa da. Euskararen erreferenteak diren arnasguneak agortzen ari dira. Euskara bidegurutzean dago eta euskal jendartean zein mundu mailan gertatuko diren hurrengo aldaketak ez dira izanen euskararen mesederako ziurrenik".
Euskalgintza
Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) Urko Aierbe Sarasolak eta June Bengoetxea Irigoienek esan dutenez, "urteotan euskararen berreskurapenean aurreratutakoa kolokan jartzen ari dira. Indarrean egon diren hizkuntza politika kamustuek eman behar zutena eman dute eta aurreratutako apur horren kontrako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa dago".
Irurtzungo Aizpea euskara taldeko Saray Ongay Garziak azaldu duenez, "azken urteetan sumatzen duguna da, batez ere, aurrera egin dugula ezagutzan, baina ez erabileran. Eta sorgin gurpila da hori, erabiltzen ez bada ez dago erraztasunik, eta erraztasunik gabe, ez da erabiltzen". Ongayk nabarmendu duenez, "erabilera eskas horren atzean kontu asko daude, baina azken urteetan globalizazioak indar handiagoa izan du, mugikortasuna eta digitalizazioa areagotu dira, eta hizkuntza txikien kalterako izan da".
"Iturria erdalduna baldin bada, emaitza ere ildo horretakoa izanen da"
Guaixe fundazioko kudeatzailea da Goizeder Anton Iturralde. Esan duenez, "Sakanako euskararen hiztun komunitateak behar duen komunikazio proiektu sendoa garatzeko finantziazioa ezinbestekoa da. Eskertuta gaude Sakanako Mankomunitatearekin. Nafarroako Gobernuarekin ere". Hala ere, foru administrazioarendako bi eskaera ditu: "dirulaguntza deialdiak goizago ebaztea, ez urte akaberan. Eta, garrantzitsuena, urtez urteko ereduaren ordez hiru edo lau urterako hitzarmenak sinatzea, aurreikuspenak egiteko aukera izateko". Antonek azaldu duenez, "Guaixe fundazioaren komunikabideek sakandarren aitortza dute, baina, batetik, joera globalen eraginez, publizitateak behera egin du, bestetik, pittinka bazkide kopurua behera egiten ari da". Jakinarazi duenez, "tarteka, erdaraz argitaratzeko eskaerak jasotzen ditugu".
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Agurne Gaubeka Erauskinek esan duenez, "gure erakundea duela 25 urte sortu zenetik euskaraz bizitzeko ditugun muga eta espazio faltak azaleratzen dituzten egoerak jaso izan ditugu. Gizarteko edozein gunetan euskara erabili edo euskaraz informazioa jasotzeko aukera gehiago izan beharrean, berdin antzera jarraitzen dugu eta hizkuntza politika baliogabetzen ari diren heinean atzerapausoak ere eman dira. Horrek guztiak herritarren hizkuntza ohiturak baldintzatu eta etorkizunerako normalizazioaren zutabeak kolokan jartzen ditu".

Indarraldia
Mank-eko Euskara Batzordeko buruaren iritziz hizkuntzak pizkunde berri bat izan dezan beharrezkoak dira "euskararen normalizazioa ahalbidetuko luketen hizkuntza politikak indartzea, hitzetatik ekintzetara pasatuz. Auzitegietatik jasotzen ari garen oldarraldi judiziala sahiesteko tresna gisa, horrela euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko". Ibargutxik gaineratu duenez, "ezin ahaztu, herritar bezala parte hartzea eta konpromisoa ere funtsezkoak izango direla".
Indarraldiari ekiteko, Orbañanosek azaldu duenez, "UEMA, udalekin eta mankomunitateekin elkarlanean, ahalegina egiten ari da herritarren ahalduntzean eta kontzientziazioan, baina ez da nahikoa". Nabarmendu duenez, "egiturazko aldaketak behar dira. UEMAko kide diren udalerriok, esaterako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak legez babestea eta sendotzea aldarrikatzen dugu". Orbañanosek azaldu duenez, "arnasguneak euskararen biziberritze prozesuaren motor gisa hartuko dituen lurralde estrategia behar dugu, gainbehera iraultzeko. Baita euskarari justizia, lege-babesa eta arnasa ekarriko dion arkitektura juridikoa ere. Herritarren ahalegina egundokoa da, eta txalogarria, baina erakunde publikoei dagokie eredu izatea".
Ikasketa zentroak
Iñigo Aritza ikastolako bi zuzendarietako bat den June Bengoetxea Irigoienek nabarmendu duenez, "herriak bakarrik salba dezake herria. Hau da funtzionatu duen errezeta bakarra. Bakarka eta kolektiboki euskararen larrialdi egoeraren kontzientzia hartu behar dugu". Agirrek azaldu duenez, "herrigintza da daukagun tresnarik eraginkorrena euskararen moteltzea eteteko; pantailek, fluxu migratzaileek edota bizi modu berriek suposatzen duten erronka berriei aurre egiteko, eta administrazioak euskararen normalizazioa bultzatuko duten hizkuntza-politika eraginkorrak eta babes lege marko berria ezar ditzan derrigortzeko". Orellak azpimarratu duenez, "hori guztia lortzeko ezinbestekoa da eragileen arteko elkarlana eta aliantza berriak sortzea".
"Euskarari justizia, lege-babesa eta arnasa ekarriko dion arkitektura juridikoa behar dugu"
Pazosek esan duenez, indarraldirako behar da, "haurrei dagokienez, ikastetxeetan egiten dugun euskalduntze lanarekin jarraitu; programa bereziak sortuak ditugu, baina ez da nahikoa. Bereziki ikasle etorri berriekin behar dugu laguntza; ezin dugu haur horien euskalduntzea soilik eskolaren esku utzi. Gizarte eta instituzio guztien ardura da". Pazosek gaineratu duenez, "udalek aisialdi euskaldun eta doakoa eskaini behar lukete, haurrek eskolatik kanpo ere euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten. Beste hutsune bat pantailetan dugu. Eta azkenik, ezinbestean, helduok izan behar dugu eredu".
AEKko Floresek esan duenez, "garbi dago euskara indartzeko bide luzea egin dugula: etenik gabeko borroka da".
Euskal eragileak
EHEko Aierbek eta Bengoetxeak azaldu dutenez, "adostasuna dago euskalduntze prozesuak jauzi berria behar duela. Lege babes berria behar dugu, Nafarroan ofizialtasuna herrialde osora hedatu eta hizkuntza eskubideak babestuko dituena. Euskararen ezagutza herritar orori hedatu behar zaio eta euskara erabili ahal izateko eremuak hedatu behar dira, arnasguneak hedatuz".
Indarraldiari ekiteko Irurtzungo Aizpea euskara taldekoak elementu bat nabarmendu du: "Kontzientzia. Duela urte batzuk kontzientzia handiagoa zegoen, gaur egun, praktikoagoak gara. Horregatik, garrantzitsua da euskararentzako erabilera eremuak sortzea, euskaldun pasiboek ikus dezatela aukera badutela", azaldu du Ongay. Gaineratu duenez, "moduren bat topatu beharko genuke kontzientziatik ekintzara pasatzeko. Euskararen 'alde' dagoen jendeak euskaraz egitea lortzen dugunean, kontuari buelta ematen hasiko gara".
"Nafarroan ofizialtasuna herrialde osora hedatu eta hizkuntza-eskubideak babestuko dituen lege babesa behar dugu"
Guaixekoak esan duenez, "hizkuntza normalizatzeko euskaraz informatzen jarraituko dugu, bozgorailu lanak egiteaz aparte, komunitatea egiten. Larrialdi linguistikoa ikusarazi eta gizarteratuko dugu". Antonek gaineratu duenez, "euskarazko hedabideen sektorea indartzeko gainerako komunikabideekin batera ariko gara Tokikom elkartearen barruan, eta haren bidez herri ekimeneko euskarazko komunikabideen Hekimen elkartean". Guaixekoak nabarmendu duenez, "elkarlanean ariko gara erronkei aurre egiten, Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa baita".
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Gaubekak adierazi duenez, "determinazioa, ez bakarrik norbere espaziotik eraginez, eskubide kolektiboen borrokan euskaraz normaltasunez bizitzea aldarrikatu behar dugu. Horretarako herritar bezala giza eskubideen eta gutxiagotutako herrien eskubideen alde erabaki politikoak baldintzatzea lortu behar dugu". Gaubekak nabarmendu duenez, "euskararen aldeko borroka atzean uzten dugu beti, eremu horretako inposaketa eta injustiziek balio gutxiago izango balute bezala. Gure izateaz, berdintasunaz, duintasunaz eta etorkizunaz ari gara, justizia sozialaz".