'Muga-zerga' urteko hitza

Guaixe 2025eko abenduaren 18a

Bilboko portuko Mugako Koltrol Postua. BILBAOPORT

Hala erabaki dute Euskaltzaindiak eta UZEIk. Aduana-zerga sinonimoa askoz gutxiagotan erabili da komunikabideetan. Donald Trumpek iragarri dituen muga-zerga berriei buruzko albiste ugariek termino hori finkatzen lagundu dute.

Aurtengo euskarazko hitza muga-zerga izan da. Atzerriko produktuei aduanan ezartzen zaien zerga adiera du hitzak. Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailean hori adierazten duten bi hitz daude: muga-zerga eta aduana-zerga. Ez da kontzeptu berria, inondik inora. Ekonomiako hiztegietan aspalditik agertzen da, eta corpusetan ere horren lekukotasun ugari aurkitu daitezke. Horrexegatik iritsi dira, hain zuzen ere, hitz horiek Euskaltzaindiaren Hiztegira ere.

Aurtengo hizpide nagusietako bat izan dira muga-zergak; bereziki, AEBko presidente Donald Trumpen gobernuak mundu mailako ekonomia astindu duten erabakiak hartu dituelako horien harira. Soka luzea ekarri du kontu horrek: hasieran, Trumpek Txinako, Kanadako eta Mexikoko salgaiak izan zituen jomugan, eta, ondoren, Europar Batasunekoak eta beste hainbat herrialdetakoak.

Euskal komunikabideetan askoz ere gehiago erabili da hiztegiak sinonimotzat dituen bi esamolde horietako bat: muga-zerga. Bestela esanda, komunikabideetan gutxiagotan irakurri eta entzun dugu aduana-zerga terminoa. Corpusak kontsultatzea nahikoa da joera hori berria ez dela ohartzeko, baina esan daiteke aurtengo gertakariek muga-zerga esamoldearen erabilera finkatzen lagundu dutela.

Horregatik hautatu dute Euskaltzaindiak eta UZEIk muga-zerga 2025. urteko hitz. Euskaltzaindiko ordezkariek oharra egin dute: "bi izenez osatutako hitz-elkarte horiek, beste hainbat bezala, marratxoz zein marratxorik gabe idatz daitezke; hau da, muga-zerga eta muga zerga, aduana-zerga eta aduana zerga".