Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioak jendaurrean jarriko du Kantauri Mediterraneoko trenbide korridorearen proiektuaren informazio azterlana. Zehazki, Iruñea eta Altsasu artean Abiadura Handiko Trenak (AHT) zein ibilbide egin beharko lukeen aztertuko dute. Iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu ondoren jendaurreko informazioaren izapidea 45 egun baliodunekoa izango da, eta administrazioei entzunaldia ematekoa, berriz, 47 egun naturalekoa, legez baimendutako gehienekoa, proiektuari alegazioak eta oharrak aurkeztea errazteko.
Iruñea eta Altsasu artean zein trazadura alternatiba den egokiena erabaki nahi dute azter lan horrekin. Beti ere etorkizunean Nafarroako korridorea eta Euskal Y lotzeko bateragarria izatea kontuan hartuta. Lotura hori Ezkion (Aralarren barna) edo Gasteizen egin daiteke. Ministerioaren plangintzak faseka egitea ahalbidetuko du, bidaia denboretan hobekuntzak aurreratu ahal izateko, bigarren tartearen diseinua baldintzatu gabe.
Bi alternatiba
Dokumentuak trazaduraren bi alternatiba planteatzen ditu. Iruña eta Etxarren inguru artean ibilbide bera lukete bi alternatibek, 13 km guztira. Han sortzen dira bi aukera. 20 k-koak gutxi gorabehera. Bata Aralar magaletik doa, zati gehiena egungo trenbidearen trazatuan eginez. Salbuespena Uharten Arakil eta Lakuntza arteko zatia da, AHT hartzeko nahikoa zabalerarik. Bestea Sakanako Autobiaren (A-10) hegoaldetik joanen litzateke. Bi ibilbideek Iturmendi inguruan bat eginen lukete, egungo trenbide ibilbidetik Altsasuraino iristeko (7 km).
Azterlanaren arabera, lehen fasean, eta Euskal Y-arekin lotzeko tarteak gauzatu arte, azpiegitura zabalera iberikoan diseinatu ahal izango da, eta, ondoren, UIC zabalera estandarrera migratuko da, behin betiko konfigurazioan.
Esanak
Ministerioak azpimarratu duenez, mugikortasun iraunkorraren eta lurralde-egituraketaren aldeko apustuari erantzuten dio proiektuak, herrialdearen ipar-ekialdeko ardatzean trenbideko garraioaren lehiakortasuna eta elkarreragingarritasuna sendotuz eta Frantziarekin abiadura handiko konexioan aurrera eginez. Halaber, industria-eremuen eta plataforma logistikoen garapena bultzatzea espero da, bereziki salgaien garraioan, interes orokorreko sei porturen hurbiltasunak lagunduta, besteak beste, Bilbo, Pasaia, Santander eta Valentzia.
Arakilgo alkate Oihana Olaberria Jakak (EH Bildu) dioenez, "udalerri ia guzti-guztiok abiadura handiko plataforma berri bat eraikitzearen aurka azaldu gara, eta inposatu nahi zaigun eredu bakar eta uniforme honen aurrean, trenbide-sarea modernizatzearen, trenbideko salgaien garraioa bulkatzearen eta Nafarroako eta Arabako geltokien arteko konexioak eta maiztasunak hobetzearen alde egiten dugu".
Olaberriak Denon trena alternatibari egin dio erreferentzia. 2022an Araba eta Nafarroako tren publiko eta sozialaren aldeko herri plataformek bulkatutako azterlanean oinarritzen da. Azaldu duenez, "mugikortasun ereduari ekarpen eraikitzaile gisa, dauden mugikortasun eta garraio beharrei modu eraginkorrean erantzuteko. Azterlanaren arabera, egungo korridorearen modernizazioak aukera ematen du hiriburuak denbora lehiakorretan lotzeko, eta kalitatezko tren publiko eta soziala izateko, tokiko geltokiekin eta geldiune berrituekin". Bestalde, "AHTren plataforma berri batek hiriburuak baino ez lituzke lotuko, herriak erabat baztertuz, eta ezingo luke merkantziarik garraiatu, ingurumenean kalte handiak eraginez eta izugarrizko dirua xahutuz".