Elurrak Sakana txuritu zuen atzokoan, ilbeltzak 6. Errepide sarea garbi mantentzeko lanean aritu ziren Nafarroako Gobernuaren zerbitzuak. Gertakari nabarmenena izan zen Leitzarango Autobia (A-15), Irurtzun parean, ordu eta erdiz itxita egon zen bi norabideetan atzo eguerdian. Gaur goizean ibarreko errepide sare guztia zabalik dago. Hori bai, Aralarko santutegira joateko biderik ez dago. Uharte Arakilgo Udalaren pista itxita dago eta NA-7510 errepidea Baraibar pasata itxita dago.
Herriei dagokienez, atzo autoek eta herritarrek zapaldutako elurra eta izotza dago kaleetan. Horren ondorioz irristatzeko aukera handia dago. Beraz, tentuz ibili beharra dago.
Izotzarekin gidatzea
Galtzadan izotza egoteko arriskua dagoenean, kontu handiz gidatzea gomendatzen da, abiadura murriztuz, martxa laburrak erabiliz eta bat-bateko balaztatzeak eta azelerazioak saihestuz. Komeni da arreta berezia jartzea gune ilunetan, zubietan eta korronteen eraginpean dauden eremuetan, izotz-plakak sortzeko probabilitatea handiagoa baita.
Era berean, abiadura murriztu eta segurtasun-distantzia handitu behar dela gogorarazten da, balaztatze-distantziak nabarmen handitzen baitira izotzarekin.
Azkenik, komeni da telefono mugikor bat eramatea, informatzeko karga nahikoa duena, eta, ibilgetzen bada, lokalizatua izatea.
Errepideei buruzko informazioa
Nafarroako errepideen egoera eguneratua www.incidenciascarreteras.navarra.es webgunean eta 848 423 500 telefono zenbakian kontsulta daiteke. Nafarroako Gobernuak errepide eta azpiegitura nagusietan dituen web kameretan ere ikus daiteke bideen egoera.
Foru gobernuak herritarrei gogorarazi die arreta handiz ibili behar dutela joan-etorrietan, eta beharrezko prebentzio-neurriak hartu behar dituztela.