Pilota

Binakakoa estu-estu dago

Guaixe 2026ko urtarrilaren 7a

Martijak eta Zabalak gustura ospatu zuten garaipena. EITB

Laso-Albisu dira lider sendoak (7 puntu) eta gainontzeko bikoek, Etxeberria-Rezusta izan ezik, launa puntu dituzte. Asteburuan bederatzigarren jardunaldia jokatuko da

Binakako Pilota Txapelketa gori-gori dago. Laso-Albisuk lider sendo jarraitzen dute, jokatutako zortzi jardunaldietatik zazpi irabazita (7 puntu). Ilbeltzaren 3an Artola-Imaz 12 tantotan utzi zituzten, Donostiako Atano III.ean. Bestalde, Zabalak eta Martijak garaipen garrantzitsua lortu zuten ilbeltzaren 4an Bilboko Deportivon Elordi-Zabaletari 15-22 irabazi eta gero. Partida ikusgarria izan zen, oso gogorra eta borrokatua. Lau pilotariak ederki aritu ziren, eta Martijak oso ongi eutsi zion Zabaletaren erauntsiari. Azkenean Zabala finago aritu zen aurreko koadroetan, eta urdinek garaipena lortu zuten. Orain arteko partidarik luzeena izan da, lau pilotariek 861 pilotakada gurutzatu baitzituzten. 

Altunak eta Ezkurdiak bigarren garaipena lortu zuten jarraian, Peio Etxeberriari eta Rezustari 22-15 irabazita. Azken hauek aurreratu ziren markagailuan, baina zortzina berdindu ondoren Altuna eta Ezkurdia aldea ateratzen hasi ziren, eta Etxeberriaren akatsek lagunduta, azkenean garaipena lortu zuten. Altuna eta Ezkurdia goiko postuetan sartu dira, baina, Etxeberria eta Rezusta ia sententziatuta geratu dira, soilik puntu bakarra dutelako. Azkenik, Jaka-Iztuetak 22-17 hartu zituzten mendean Larrazabal-Mariezkurrena. 

Datorrena
Zazpi jardunaldi jokatuta, sailkapena estu dago oraindik. Laso-Albisuk jarraitzen dute lider (7 puntu) eta lau puntu dituzten sei bikote daude: Altuna-Ezkurdia, Elordi-Zabaleta, Larrazabal-Mariezkurrena, Zabala-Martija, Jaka-Iztueta eta Artola-Imaz. Azkenik, P.Etxeberria-Rezustak puntu bakarra dute. 

Bederatzigarren jardunaldian, Altuna-Ezkurdiak Elordi-Zabaleta dituzte aurkari ilbeltzaren 9an Luzaiden. Zabala-Martija P.Etxeberria-Rezustaren kontra ariko dira ilbeltzaren 10ean Logroñon, eta egun berean Artola-Imazek Larrazabal-Mariezkurrena dituzte aurkari Etxebarrin. Azkenik, ilbeltzaren 11k Ogetak Jaka-Iztuetaren eta Laso-Albisuren arteko partida hartuko du.