Atharratze eta Bilbo lotuko ditu 24. Korrikak martxoaren 19tik 29ra. Euskararen aldeko ekimen erraldoiko ibilbidea aurkeztu du AEKk. Guztira 2.175 kilometroko izanen dira eta lekukoa 3.436 alditan aldatuko da eskuz. AEKk jakinarazi duenez, kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da. Sakanari dagokionez, euskararen aldeko errelebo lasterketa ez lehiakorra Arabako Lautadatik iritsiko da martxoaren 23an, astelehenean1, 13:00ak aldera. Irurtzuneraino joanen da han buelta eman eta Zuarrarraten gora Larraunerantz eginen du. Sakanan 95 bat kilometro eginen ditu.
24. Korrikako Sakanako ibilbidea
Ziordia 13:04:37
Olazti 13:22:18
Altsasu 13:46:05
Urdiain 14:19:07
Iturmendi 14:32:34
Bakaiku 14:42:35
Etxarri Aranatz 15:05:31
Lizarragabengoa 15:31:39
Arbizu 15:38:17
Lakuntza 15:48:10
Arruazu 16:04:36
Uharte Arakil 16:17:40
Irañeta 16:37:38
Ihabar 16:54:00
Hiriberri 17:03:57
Satrustegi 17:13:54
Zuhatzu 17:20:24
Ekai 17:23:43
Etxarren 17:30:17
Irurtzun 17:47:34
Zuarrarrateko portua 17:58:41
Hasiera
Aurreko Korrika bukatu zen lurraldean hasten da berria. Aurten Zuberoak, Atharratzek emango dio hasiera Korrikari. AEKk hainbat arrazoirengatik aukeratu du Atharratze lasterketarik hasiera emateko. “Arrazoi nagusia da Korrikaren ‘itzalguneetako’ bat dela Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zen, 4. Korrikan, hau da, Atharratzetik abiatu zen urtean”.
AEKko kideek gaineratu dutenez, “euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra sekulan baino agerikoagoa da bertan: Zuberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten egin dela, eskola-transmisioak ez duela %15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela karriketan”. Azpimarratu dutenez, “Zuberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen eskualdea”. Abiatzea 15:30ean izango da.
Helmuga
Korrikaren beste ohitura bat da lasterketaren bukaerak bost hiribururen artean txandakatzea. Aurreko edizioa Baionan bukatu zen, eta 24. Korrikan Bilbok izango du lasterketaren azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandearekin. Goizeko 07:20ak pasatuta sartuko da Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian, lekuko barruko mezu sekretua irakurri dute, euskararen herritik eskuz esku pasatu ostean. Ondoren, egun osoko amaiera-jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.
Hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehendabizi Korrikak: Atharratzetik atera eta 16:45ean helduko da horra. Donibane Garazin, ordea, martxoaren 20an, ostiralarekin, izango da, gaueko ordu txikietan (02:50ean). Iruñera, aldiz, martxoaren 22an iritsiko da, igandearekin; Alde Zaharrera bazkalorduan/bazkalostean helduko da bete-betean, 14:30ean. Martxoaren 24an, asteartea, Baionaren txanda iritsiko da, 20:30ean. Donostiatik, martxoaren 25ean, asteazkenarekin, ibiliko da: goizeko 08:15ean Altzan, 9:30ean Intxaurrondon, 11:00etan Amaran, Parte Zaharrean eguerdian (11:55)… Atsedenik hartu gabe, 27an, ostirala, 21:00ak aldera, Gasteizen lurreratuko da euskararen aldeko ekimen erraldoia.
Aplikazioa
Korrikan, 11 egunez eta 10 gauez, etengabe euskararen aldeko pausoak emanen dituzte herritarrek. Ibilbidearen xehetasun guztiak webgunean eta aplikazioan egongo dira. Aplikazioak berrikuntzak ditu. Kantarekin egin bezala, Korrika Laguntzaileek izan dira lehendabizikoak ibilbidearen berri izaten. Haiek hainbat informazio eta albiste jasotzen dituzte primizian, baita aplikazioa deskargatuta dutenek ere. Korrikak iraun bitartean, martxoaren 19tik 29ra, eguneko bideokronika bereziak eskainiko dizkiegu aplikazioaren erabiltzaileei.
Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren —hots, erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa—; horri lotuta, interesgarria da jakitea aplikazioak bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dauden herri, eskualde eta/edo kilometroak; bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko
ditugu 24 orduz.
Ohiko atalak ere baditu, jakina: Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen arteko zozketak (eta, noski, irabazleak) erakusten dira bertan.
Bukatzeko, aplikazioak aukera ematen du Korrikaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri primizian jasotzeko —orain arteko gertaerak: aurkezpena, abestia, ibilbidea... Aplikazioa IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du. Aplikazioa labur.eus/rsyfhfjg webgunetik deskarga daiteke, guztiz doakoa da.