Preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde hainbat kontzentrazio egin ziren Sakanan urte akaberan. Haietan Sarek ilbeltzaren 10erako, larunbaterako antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu zuten. Bilbon eginen den manifestazioak Ezin da gehiago luzatu. Ezin da gehiago itxaron leloa du.
Sareko kideek gogoratu dute duela ia hiru urte bukatu zela "hainbeste sufrimendu eragin duen urruntze-politika bukatu" zela, "baita espetxeko zigorrak lehen graduan edo isolamendu-ziegetan betetzea". Sarekoek adierazi dutenez, "litekeena da 2026. urte hau bide luze baten azken txanpa izatea eta itxaropenezko etorkizuna ikusten hastea. Horregatik, aurten ere euskal gizarteari dei egin diogu manifestazio honetan parte har dezan". Deitzaileek "elkarbizitzaren alde denok batera egiteko" deia egin dute. "Izan ere, Zuzenbideaz ez ezik, giza eskubideez ere ari gara, eta horrek izan behar du batzen gaituen helburua: giza eskubideen defentsa".
Sarek nabarmendu duenez, "salbuespena mantendu egiten da, legegintzaren arloan ez ezik arlo judizialean eta espetxeetan ere". Legeari dagokionez, "'adhoc' onartu ziren lege batzuk mantentzen dira, 40 urtera arteko zigorrak osorik betetzekoa, adibidez. Lege horiek euskal presoen eskubideak urratzera bideratuta ezarri ziren, euskal gizarteak gaur egun bizi duenaz oso bestelakoak ziren garaietan. Arbuiagarriak ziren orduan, eta are arbuiagarriagoak gaur egun, egoera oso desberdina delarik".
Arlo judizialari dagokionez, "aurrera egin den arren, oraindik ere errekurritzen dira espetxeetako profesionalek onartzen dituzten hirugarren gradurako progresioak, eta hori guztia gertatzen da Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala salbuespeneko auzitegi baten mende dagoelako, hau da, Auzitegi Nazionalaren mende", adierazi dute Sareko kideek.
Eta espetxeei dagokienez, azaldu dutenez, "euskal presoen erdiek baino gehiagok askatasun-erregimenean egon beharko lukete betea duten zigor denboragatik; horietako askok, ordea, lau hormaren artean itxita jarraitzen dute, batzuek 25 urte baino gehiago egin badute ere preso". Azaldu dutenez, "haien eskubideak errespetatzea, gizartera itzultzeko eskubidea, berriz sozializatzeko eskubidea eta, beraiek egindakoagatik sufritu zuten eta oraindik sufritzen duten pertsonekiko errespetuzko jarrera batetik, beren bizitzak normalizatzeko eskubidea barne, batzen gaituzten balioak indartzeko modu bat ere bada: Justizia eta Gizatasuna".
Etorkizunaz
Saretik adierazi dutenez, "akaberako konponbide-esparru hori ez da osoa izango indarkeria guzti-guztien biktimen eskubideak kontuan hartzen ez badira". Adierazi dutenez, "inor ez da behartu behar bizi izan duena ahaztera. Biktimen minak errespetua eta aitortza merezi ditu, anbiguotasunik gabe. Haien sufrimendua ezin da politikoki erlatibizatu edo erabili interes faltsuengatik, eta haien memoriak etika publiko partekatuaren funtsezko zati bat izan behar du".
Gaineratu dutenez, "aitortza hori, berriz diogu, gure Herrian jasandako indarkeria guztien biktimengana zabaldu behar da, torturak, jazarpen bidegabeak edo oinarrizko giza eskubideak urratu zituzten legez kanpoko jarduketak jasan zituztenak horien artean direla. Horrela bakarrik begiratu ahal izango diogu itxaropenez etorkizunari, indarkeria guztien biktimekiko errespetua izanik eta motibazio politikoko presorik gabe. Izan ere, zauri guztien oinarrian, desberdinak badira ere izaeraz eta testuinguruaz, arrazoia bera dago: giza duintasunaren urraketa".
Egitaraua
11:30 Porrotx eta Zapotxinen ikuskizuna, Bilbiko plazan.
12:30 Naiz irratiaren emanaldi musikatua, Bilbiko plazan.
12:30 Kalejirak, Alde Zaharrean.
Ondolan eta Usansoloko erraldoi eta buruhandia, Santiago plazatik abiatuko dira.
Trikitilariak, Barrenkaletik abiatuko dira.
Txistulariak, Jardines kaletik abiatuko dira.
13:00 Balkoitik balkoira bertso saioa. Oihane Bartra eta Igor Elortza, Txakur kalean (Kalderapenko eta Harrobi artean).
13:00 Orkrestra elektrotxaranga, Zamudioko atetik abiatuta.
14:30 Kantu bira Berakatz talderekin, Barrenkaletik abiatuko dira.
17:00 Ezin da gehiago luzatu nazio manifestazioa, La Casillatik abiatuko da.