Euskaltzale, gorde garagarrilaren 13ko data

Guaixe 2026ko urtarrilaren 8a

Pizkundea ekitaldiaren akaberako talde argazkia. KONTSEILUA

Iruñea euskaltzale guztien bilgune bilakatzeko mobilizazioa deitu dugu Euskalgintzaren Kontseiluak egun horretarako. Sakanatik hainbat euskaltzale izan ziren Kontseiluak Bilbon antolatutako 'Pizkundea' ekitaldian.

Euskalgintzaren Kontseiluak egindako deialdiari erantzunez, Euskal Herri osotik joandako 6.500 euskaltzalek goraino bete zuten Bilboko Arena abenduaren 27an. Euskalgintzako eragile eta aurpegi ezagunekin batera, kulturgile ezagunak ere taularatu ziren Bilbon eta denek aho batez aldarrikatu zuten "euskaltzaleon garaia" dela eta "txinparta guztiak, su guztiak" direla beharrezko "pizkunde berri bat" eragiteko.

Kontseiluko Idazkari Nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak euskarak eta euskal komunitateak bizi duten "larrialdi linguistikoaz" ohartarazi zuen eta "hizkuntza politika eta neurri ausartak" eskatu zizkien instituzio eta alderdi politikoei eta iragarri zuen euskalgintzak baduela "eskaintza" bat euskararen inguruan "akordio soziopolitiko berri bat" ezartzeko. Horrekin batera, eremu guztietan antolatzeko deia egin zien herritarrei, "antolatu gaitezen euskaltzaleok", "elkarrekin isiotu dezagun hurrengo pizkundea".

Ekitaldiaren akaberan, hurrengo hitzorduaren berri ere eman zuten. Garagarrilaren 13an izango da, Iruñean eta bertaratzeko deia egin zieten euskaltzaleei, "sarea ehuntzen jarraitzeko".