Futbola

Urtea zoragarri hasi dute Etxarrik eta Lagun Arteak

Guaixe 2026ko urtarrilaren 13a

Lagun Arteak ilbeltzaren 16an, ostiralarekin jokatuko du hurrengo partida, sansastinak direlako.

Gizonen erregional mailako hamahirugarren jardunaldian gol festa ederra izan zuten bi taldeek

Eguberrietako geldialdiaren ondoren indartsu itzuli dira gizonen erregional mailako bi talde sakandarrak. 

Etxarri Aranatz liderrak Aurrera taldea izan zuen aurkari Leitzan. Bi taldeek lehia estua izan zuten lehen zatian. Atsedenaldirako 5 minuturen faltan Pello Altzelaik Etxarri aurreratu zuen, eta bigarren zatian abantailarekin hasi ziren etxarriarrak. Partidak bere horretan jarraitu zuen, eta bukaera aldera partida itxi zuen liderrak, 83. minutuan eta luzapenean Oinatz Carreñok eta Lier Verdugok sartutako golei esker. 

Lagun Arteak Mutilvera C taldea hartu zuen Itxesalden. Mutilvera aurreratu zen, baina berehala Ander Agirrek bana berdindu zuen eta horrela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala Unai Ollok 2-1 aurreratu zuen Lagun Artea, eta hortik aurrera lakuntzarrek gol bat bestearen atzetik sartu zuten. Gorka Senarrek, Gaizka Sagarzazuk, Ander Cocerak, Jon Arraizak eta Sael Ozoriak sartutako golak zenbatuta, 7-1 gailendu zen Lagun Arteak. 

Etxarri Aranatzek jarraitzen du lider (33 puntu), Kirol Sporten (29 puntu) aurretik. Lagun Artea bosgarren da (18 puntu) igoera fasetik 10 puntura. Hamalaugarren jardunaldian Lagun Arteak ilbeltzaren 16an, ostirala, San Jorge B hartuko du, 18:00etan, Itxesalden. Etxarri Aranatzek, aldiz, Sanduzelain jokatuko du ilbeltzaren 18an, Arga Ibaiaren kontra.