Euskadi Fundazioko taldeak prest daude 2026 denboraldirako. Hiru taldeak –gizonezkoen Euskaltel-Euskadi talde profesionala, emakumezkoen Laboral Kutxa-Euskadi talde profesionala eta mutilen BBK-Euskadi talde amateurra– denboraldia prestatzeko kontzentratuta daude Altean, eta bertan egin zuten hastear dagoen denboraldiaren aurkezpena.
2026rako Euskadi Fundazioak 49 txirrindulariko kirol-egitura du, eta nazioarteko egutegia. “Arima eta izaera dituen proiektua gara; euskal txirrindulari gazteak maila gorenean hazi eta lehiatu daitezkeen lekua, nortasuna galdu gabe. 2026an gure zaleak harro sentitzea nahi dugu” azaldu zuen Iñaki Isasi Euskadi Fundazioko presidenteak.
Euskaltel-Euskadi taldeko burua Jorge Azanza altsasuarra izango da, eta Pablo Urtasun urdiaindarrak talde laranjako teknikari izaten jarraituko du. Euren esanetara 20 txirrindulari dituzte, horietatik 14 etxekoak, tartean Iker Mintegi Claver. Altsasuarrak hirugarren denboraldia du Euskaltel-Euskadin. Guztiak denboraldia hasteko irrikitan daude.
Laboral Kutxa-Euskadin 15 txirrindulari ariko dira, eta BBK-Euskadin 14. Aurten Euskadin baja da Aimar Tadeo. Lakuntzarrak Cortizo taldean jarraituko du bere ibilbidea.
Aurkezpen ofiziala, ilbeltzaren 20an Derion
Kontzentrazioak iraungo duen hamar egunetan –ilbeltzaren 15ean itzuliko dira–, txirrindulariek iraupen entrenamenduen eta errendimendu test espezifikoen bloke zehatza bete dute, euren bertsio lehiakorrena bilatzeko, ohiko entrenamenduak egin dituzte, maillot eta ekipazio berriak jaso, elikagai gaiak zehaztu, osasun azterketak egin, eta argazki saio, aurkezpen eta bestelakoak. Guztia puntuan egoteko.
Izan ere, Valentzian hasiko dute denboraldia, ilbeltzaren 23an, Classica Camp de Morvedren. Aurretik, ilbeltzaren 20an, talde laranjak aurkezpen ofiziala egingo du Euskaltelek Derion duen egoitza nagusian.