Areto futbola

Hirugarren mailako kopa martxan, Altsasu-Aralar Mendi derbiarekin

Guaixe 2026ko urtarrilaren 14a

Altsasuk Aralar Mendi hartuko du, Kopako lehen jardunaldian.

Gizonen hirugarren mailako ligako hamalaugarren jardunaldian Altsasuk garaipen garrantzitsua lortu zuen eta Aralar Mendik atseden jardunaldia zuen. Asteburuan hirugarren mailako kopa hasiko da, bien arteko derbiarekin

Hirugarren mailan, Altsasuk Betelu Futbol Taldea Grupo Wisco hartu zuen Zelandin. Talde indartsua du Beteluk, sailkapenean hirugarrena da eta arerio zaila. Altsasu ongi hasi zen, Asier Salgadok gorritxoak 7. minuturako aurreratu baitzituen. Beteluk berdindu zuen, baina hurrengo minutuan atzera ere Asier Salgadok Altsasu 2-1 jarri zuen aurretik. Joera errepikatu zen, Beteluk bina berdindu ondoren Xabier Ormazabalek Altsasu 3-2 aurreratu zuelako. Hortik aurrera altsasuarrak finago aritu ziren eta Ekaitz Eskamendik eta Denis Javier Ordoñezek 5-2a ezarri zuten markagailuan. Beteluk hirugarrena sartu zuen, eta 5-3 irabazita, garaipen ederrarekin hasi dute urtea altsasuarrek. 

Aralar Mendik atseden jardunaldia zuen. 

Ligan etena, hirugarren mailako kopari ekiteko
Ibararte da hirugarren mailako liderra (33 puntu), Ribera de Navarra puntu eskasera duela (32 puntu). Altsasu zazpigarren da (20 puntu) eta Aralar Mendi hamaikagarren (9 puntu). Hirugarren mailak atsedena hartuko du, kopari egiteko. Izan ere, asteburuan hasiko da hirugarren mailako kopa. Hirugarren multzoko lehen jardunaldian Altsasuk eta Aralar Mendik derbia jokatuko dute ilbeltzaren 17an, larunbata, 18:00etan, Zelandin. Beteluk atseden jardunaldia du.