Areto futbola

Arbizuko derbia, Xotarendako

Guaixe 2026ko urtarrilaren 14a

Arbizun jokatutako Arbizu-Xota derbiak ikusmin handia piztu zuen. XOTA

Gizonezkoen lehen maila autonomikoan Xota gailendu zen Arbizuren kontrako derbian. Altsasuk itxura ona eman zuen baina ez zuen punturik bildu

Gizonezkoen lehen maila autonomikoko hamahirugarren jardunaldiak Arbizu Kirol Taldearen eta Xotaren arteko derbia ekarri zuen. Talde irurtzundarrak jo zuen lehenengo. 0-4 aurreratu zen Andres Felipe Cadenaren hat-tricari (3) eta Aimar Iraurgiren golei esker. Arbizuko Andoni Goikoetxearen golak markagailua zer edo zer makillatu zuen. 1-4, Xotaren alde. 

Altsasuk Universidad de Navarra hartu zuen Zelandin. Partida oso borrokatua izan zen, golez betetakoa. Hasieran parez pare aritu ziren bi taldeak. Altsasu bitan aurreratu zen Eneko Iraurgi eta Bachir Saidi esker, baina bina berdintzea eta 2-4 aurreratzea lortu zuen Universidad-ek. Jose Expositok sartutako bi golei esker launa berdindu zuen Altsasuk, baina hortik aurrera arerioak finago aritu ziren eta 4-8raino joan ziren. Eneko Iraurgik eta Maren Bergarak Altsasu 6-8 hurbildu zuten markagailuan, baina gehiagorako denborarik ez zen egon. 

Beste derbi bat aurretik
Ibararte da lehen maila autonomikoko liderra (37 puntu). Xotak Arbizu aurreratu du eta irurtzundarrak hirugarren dira (30 puntu), Arbizu laugarrenaren aurretik (29 puntu). Altsasuk hamabigarren jarraitzen du (punturik ez). Ligako hamalaugarren jardunaldiak beste derbi bat ekartzen du. Xotak Altsasu hartuko du ilbeltzaren 15ean, 20:30ean, Atakondoan. Arbizuk hamaikagarren den Mendialdea izango du aurkari ilbeltzaren 17an, 16:00etan, Berriozarren.