Ekonomia soziala indartzeko eta tokiko enpresen arteko lankidetza bulkatzeko helburua dago jasoa Sakanako Estrategia Planean. Eta horretarako sortu zen Ekonomia Sozialaren Mahaia. Orain akordio horretara batu dena Nafarroako Insertzio Enpresen Elkartea (EINA) izan da, Sakanako Garapen Agentziarekin (SGA) hitzarmena sinatu ondoren. Gaur egun EINAk ez du bazkiderik Sakanan, eta, hain zuzen ere, horregatik, elkartearen asmoa da eskualdeko behar sozial eta ekonomikoak identifikatzea eta insertzio enpresen sorrera eta garapena lurraldean sustatzea.
EINA jarduera ekonomikoa garatzeaz aparte, laneratzeko zailtasun handiagoak dituzten pertsonendako enplegua sortzen duten enpresei laguntzen dien elkartea da. Akordioarekin bat eginda, EINAk bere esperientzia eskainiko du Sakanan horrelako ekimenak bulkatzeko, tokiko administrazio eta eragileekin elkarlanean.
Esanak
Elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, "garrantzi berezia ematen diogu Ekonomia Sozialaren Mahaiak eskaintzen duen lan eta elkarlan markoari. Espazio horrek aukera emango du ibarreko eragileekin batera beharrak aztertzeko, lehentasunak partekatzeko eta insertzio enpresen bidez eman daitezkeen erantzunak baloratzeko".
SGAko koordinatzaile Iker Manterola Matxainek azaldu duenez, "EINAk bat egiteak ekonomia sozialaren esparruan lankidetza indartu egiten da Sakanan, inklusioa, tokiko garapena eta lurraldearen beharretatik abiatutako erantzunak ardatz hartuta".