Ez dago zalantzarik, Aimar Iraurgi Marcos (2008-11-30, Altsasu) Xotaren perletako bat da. Kategoria txikietan hasi zen, eta urtetik urtera gora egin du. Aurre denboraldian Osasuna Magna Xota talde nagusiarekin entrenatzen hasi zen, harrobiko bere taldekide batzuekin batera, Javier Larrea, Julen Fernandez eta Oier Amezgarai sakandarrak tartean, eta ordutik gora egin du etengabe, irailaren 10ean Osasuna Magna Xotarekin lehen mailan Barçaren kontra debutatu arte. 5-3 galdu zuen Xotak, baina Iraurgik itxura ona eman zuen.
Berehala, irailaren 16an Xotako harrobiko Iraurgik, Larreak, Fernandezek, Amezgaraik eta Ansok lehen taldearekin jokatu zuten Nafarroako kopa kanporaketako finalerdia, San Juanen kontra. 1-7 gailendu zen talde irurtzundarra, Amezgarairen eta Aimarren golak tartean. Miguel Hernandez entrenatzaileak harrobiko jokalariei aukera emateko probestu zuen partida, eta balorazio ona egin zuen. "Oraindik oso gazteak dira, baina Kopako partida honek aukera ederra eman die. Denboraldiaurrean gurekin entrenatzen aritu dira, eta gaurkoa egindako lanaren saria da. Inork ez die ezer oparitu, eta lanean jarraitu behar dute, pausoak ematen, kalitatea dutelako. Euren lanarekin oso eskertuta gaude" azaldu zuen orduan. Eta gazteek kasu egin diote, zalantzarik gabe.
Horrela, gutxika talde nagusian bere tokia egiten ari da perla altsasuarra. Urte bukaeran Osasuna Magna Xotak eta Ribera de Navarrak Tuteran jokatutako derbian aritu zen (2-3 irabazi zuen Xotak) eta ilbeltzaren 9an Xotak O Parruloren kontra 1-2 galdutako partidan Xotak hegal altsasuarra "partidako jokalaria" izendatu zuen.
Sakanako Kopako txapeldunak
Talde nagusiarekin aritzea harrobiko taldean egiten duen lanarekin partekatzen du Iraurgik. Horrela, ilbeltzaren 3an Uharte Arakilen Aralar Mendik, Altsasuk eta Xotak jokatutako Sakanako Kopan parte hartu zuen, bere taldekideekin. Triangeluarra jokatuta, Xota izan zen txapelduna, Aralar Mendiren eta Altsasuren kontra bana berdindu, eta penaltietan erabakita.
Xota vs Tafa, kopa jokoan
Ilbeltzaren 21ean, asteazkena, Osasuna Magna Xotak eta Vulcanizados Ruiz Tafa taldeek Nafarroako areto futboleko kopako finala jokatuko dute Erriberriko kiroldegian 19:30ean hasiko den norgehiagokan. Xota finalerdietan San Juan taldeari irabazita iritsi da finalera, eta Tafak Ribera de Navarra kanporatuta. Ligako geldialdian irurtzundarrek lehen titulua dute jokoan.