Abenduaren 27an jokatu ziren Sakanako Mankomunitateak eta Etxarri Aranazko Gure Pilotak antolatutako XXI. Sakanako Nesken Pala Txapelketako finalak, Lakuntzako Behar Zana pilotalekuan. Izan ere, Etxarri Aranazko frontoiko obrak direla eta, txapelketa Lakuntzan, Urdiainen eta Dorraon jokatu behar izan da. "Oso eskertuta gaude hiru herriekin, eskuzabaltasun osoz utzi dizkigute frontoiak, eta eskertzekoa da" nabarmendu zuen Gure Pilotako Miguel Angel Aristorenak.
Txapelketan guztira 84 palista lehiatu dira, sei bikote elite mailan, sei lehen mailan eta sei bigarrenean, Euskal Herriko palista onenak, eta gainontzekoak eskola mailako kategorietan. Hasierako ligaxkaren ondoren finalerdiak jokatu ziren, eta abenduaren 27an final handiak, zalez gainezka zegoen Lakuntzako pilotalekuan. Aristorena urtero bikote paretsuak egiten saiatzen da, txapelketa borrokatua izateko, eta beste behin zeharo asmatu du, partidak ikaragarriak izan zirelako, maila nagusiko finalak bereziki. Gainera, txapela batzuk Sakanan geratu dira, Gure Pilota klubaren zorionerako.
Finalak, gorenak
Maila nagusian, bigarren mailako finalean Jimenez-Garmendia gailendu zitzaizkien Irigoien-Agirreri, final sakandarrean. Lehen mailan, Maialen Larrazak bere Sakanako hirugarren txapela jantzi zuen jarraian, Nahia Eizmendirekin bikotea osatuta, eta Enara Maciciorri eta Auritz Beltza etxarriarrari 25-19 irabazita. Elite mailan sorpresa gertatu zen, Uxue Murillo eta Laura Saez faborito baitziren, baina Olatz Zulaikak eta Irati Igoa Sesma etxarriarrak jantzi zuten txapela, partida ikaragarrian 25-21 irabazita. Aldi berean futbolaria denak ez zuen sinistu ere egiten. "Oso pozik; oso gutxi entrenatu dudala kontuan hartuta, are gehiago".
Miguel Angel Aristorena: "Oso txapelketa ona izan da, kirol maila ikusgarrikoa"
Maialen Larrazak "oso pozik" zegoela aitortu zuen. Hilabete polita bizi du palista etxarriarrak, abenduaren 13an Nafarroako Kirol Jokoetako Emakumeen 30 metroko Paleta Goma Txapelketako jubenil mailako finala irabazi baitzuen Biskarreten, Elaia Zabalza faboritoari (Auñamendi) 1-2 irabazita. "Ez nuen espero, Aurizberrikoa Elaia distantzia horretan espezialista delako, eta nik oso gutxi jokatzen dudalako. Nik irabazi nuen lehen seta, berak bigarrena, eta hirugarrena irabazita lortu nuen txapela". Sakanako Pala Txapelketan hirugarren txapela du lehen mailan. "Maila handiko bikoteak zeuden. Hernaniko Nahiarekin Enara Maciciorren eta Auritz Beltza etxarriarraren kontra jokatu genuen finala. Enararekin Sakanako nire lehen txapela irabazi nuen. Aldea ateratzea lortu dugu, eta irabaztea. Oso pozik nago". Egun Espainiako 30 metroko Txapelketa eta GRABNI-a prestatzen ari da.
Eskertuta
Miguel Angel Aristorena hunkituta eta pozik zegoen. "Nolako ikuskizuna eman duten! Oso txapelketa ona izan da, kirol maila ikusgarrikoa. Jende asko etorri da, frontoia beteta zegoen, baina pena de beste jende asko jakitun ez izatea neska hauek duten mailaz, harrituko liratekeelako. Urtero berdina errepikatzen dut, baina duten maila ikaragarria da. Partida asko tanto baten aldearekin erabaki dira, eta finalerdietara tanto eskasengatik sailkatu dira, bikoteak oso berdintsuak zirelako. Ikuskizun polita eskaini digute, eta asko eskertzen diet. Gure txapelketara oso gustura etortzen dira, batez ere goi mailako palistak, eta hori eskertzekoa da".
Finaleko emaitzak
Eskolak
Txitoak: Lakuntza-Felipe 11 / Otxagabia-Karasatorre 15
Kattagorriak: Zubieta-Sanchez 13 / Barandalla-Goikoetxea 18
Tximeletak: Apalategi-Razkin 18 / Resano-Baqueriza 25
Beltxargak: Elola-Igoa 17 / Mendiburu-Marroyo 25
Pottokak: Larraza-Baqueriza 20 / Mendiburu-San Martin 25
Nagusiak
Bigarren maila: Jimenez-Garmendia 25 / Irigoien-Agirre 17
Lehen maila: Eizmendi-Larraza 25 / Macicior-Beltza 19
Eliteak: Zulaika-Sesma 25 / Murillo-Saez 21