Astekaria

Herri txikitako ostalariak

Guaixe 2026ko urtarrilaren 22a

Dorraoko Estalpe taberna eta bere terraza. ARTXIBOA

Errozko eta Dorraoko kontzejuek eta Arruazuko Udalak herritarrei bilgune bat eskaini eta herriari bizia emateko taberna-jatetxe bana dute. Haiek errentan hartu dituztenak harreman estua dute bai tokiko bai inguruko herrietako biztanleekin.

Herri txikietako bizitzaren ezinbesteko elementua da taberna. Edateko eta jateko tokiaz izateaz aparte, herri txikietako tabernak herritarren bilguneak eta bizi sozialaren ezinbesteko elementua dira. Horren berri badute Errotzen, Arruazun eta Dorraon. Horregatik, kontzejuek eta udalak taberna-jatetxe bana dute beraien herrietan. 

Sheila Alonso Mielgok eta Iñaki Uria Salgadok dute Errozko ostatuaren ardura 2024ko garilaren 25az geroztik. Hasieran astelehena salbu, aste osoan zabaltzen zuten. "Udan hasi ginenez, ordutegi horrek balio zigula ikusi genuen. Baina iraila erdialdetik aurrera jabetu ginen astegunetan ez zegoela ezer egiterik", azaldu du Uriak. Horregatik, orain asteburutan zabaltzen dute bakarrik: ostiraleko 18:00etatik igandeko 18:00ak arte. 

Edjane Carvalhok Arruazuko ostatuaren ardura du. 2025eko apirilaren 25az geroztik kudeatzen du ostatua. Bera sukaldean aritzen da. Ostatua astelehenetan itxita dago. Bestela, kafetegia zerbitzua, gosariak eta eguneroko menua eskaintzen dute astegunetan eta menu berezia asteburuetan, plater konbinatuak eta kazolatxoak. 

Dorraoko Kontzejuak egindako Estalpe taberna 2024ko agorrilaren 14an mustu zuten eta, ordutik, bertan lan egiten du Larisa Muñoz Alvesek. Astelehenetan itxita egoten da taberna. Asteartetik ostegunera 11:00etan zabaltzen dute taberna, asteburuan 10:00etan irekitzen dute.


Sheila Alonso Mielgo eta Iñaki Uria Salgado Errotzen. 

Eskarmentuaz 
Uriak ostalaritzan esperientzia "oso txikia" zuen. "Ni iruindarra naiz, eta peña batean lan egitea tokatu zitzaidana nekien. Nire bikotea sukaldeaz arduratzen da, eta berak, bai, bazuen eskarmentu gehiago". Arruazun ari den Carvalho Oroz Beteluko Zaldu jatetxean sei urtez aritutakoa da. "Esperientzia ona izan zen, sukaldean eta orokorrean".  

Muñozek ere bazuen eskarmentua ostalaritzan: "amarekin, Rosane Alves Da Silva, Lizarrustin hasi nintzen, gaztetxo nintzela". Ordutik hainbat tokitan lan egin du: Iruñean, diskoteketan, Nafarroa Arenan... "Gustatzen zait ostalaritza. Sozializatzea, jendearekin egotea eta jende berria ezagutzea asko gustatzen zait. Eta hori ere nabaritu egiten da lan egiterakoan". Beraz, Dorraoko barraren atzeko aldera iristerako "nahikoa eskarmentu" pilatua zuen. 

Nola iritsi ziren
Uriak azaldu duenez, "gure lan bizitzetan aldaketa egin nahi genuen. Errozko ostatua libre zegoela ikusi genuen. Etorri eta informazioa jaso ondoren, abenturari ekitea erabaki genuen". Carvalhoren senarrak hainbat toki begiratu zituen, "baina niri asko gustatu zitzaidan Arruazu, eta hemen gaude. Gainera, jantzita zegoen". 

Muñozen amak Dorraon etxea erosi zuen eta Estalpe taberna hartzeko aukera sortu zitzaien eta aurrera egitea erabaki zuten ama-alabak. "Arriskatzea erabaki genuen, herriko inor ez baikenuen ezagutzen. Tabernan egonda dorrobar guztiak ezagutzeko modu ona da". 

Errozko ostatukoei "harrera oso ona" egin zieten. "Izurdiaga gertu dagoenez, bertakoak izan ziren etortzen lehenak. Baina gero eta gehiago finkatzen ari gara. Irurtzungo kuadrillak ditugu. Arbizutik edo Altsasutik kuadrillaren bat etorri izan zaigu. Kostatzen da, baina ezagutarazten ari gara. Lana ongi egiten baduzu, ahoz-ahokoak funtzionatzen du". Abentura zer moduzkoa izaten ari den galdetuta, Uriak esan duenez, "alde ona eta txarra ditu. Jendeak bertan bazkaldu eta afaldu ondoren nola joaten den ikusita, horrekin oso pozik gaude. Arlo horretan oso ongi lan egiten ari gara. Horren adierazle dira jendeak egiten dituen aipamenak. Baina, bestetik, Errotz ez da pasako toki bat, ez zaigu ikusten". 

Arruazun "espero baino harrera hobea" egin dietela azaldu du Carvalhok. "Oso ona, arbazuarrekin poz-pozik gaude. Mugimendu handia dago, jendeak asko parte hartzen du. Ongi gaude", gaineratu du. Nabarmendu duenez, "ahal duten guztia laguntzen gaituzte, aholkuak ematen dizkigute. Jakinaren gainean jartzen gaituzte. Jendearen inolako kexarik ez dugu". Eta laguntza horri esker festak behar bezala "pasa" zituzten. 

Dorrobarrak eta haiek "oso pozik" daudela azaldu du Muñozek. "Estalpe tabernan herritar guztiak bat egiten dute, denak denekin aritzen dira. Gainera, aldameneko herrietakoak ere etortzen dira. Mundu guztiarendako bilgune bada da hau: haur, gazte, heldu eta adinduendako, guztiendako". 


Edjane Carvalho Arruazuko ostatuko atean. 

Mugimendua 
Uriak azaldu duenez, "Errozko populazioa txikia da eta gehienak adinduak dira. Kuadrilaren bat musean jokatzera etortzen da. Jakina, haiekin bakarrik negozioak ezin du aurrera egin. Guk kanpotik etorritakoengatik egiten dugu aurrera". Argitu duenez, "Interneteko bilatzaileen bidez jendeak gure berri izaten du eta etortzen da. Opor garaian kanpotar asko izaten ditugu: kataluniarrak, valentziarrak... Eta, jakina, irurtzundarrak". Uriak aitortu duenez, "dagoeneko finkatuta gaude, gure lekua egin dugu eta bezero finkoak ditugu, hona potea hartzera etortzen direnak". 

Carvalhok esan duenez, "Arruazun Oroz Betelun baino pixka bat mugituagoa da, baina, ondo, bai". Arruazuko ostatuan nola jaten den jakiteko interesa izan zen. Carvalhok esan duenez, "herriari zerbitzua eskaintzen diogu. Pozik egon dadila". Ahotik belarrirako albisteek bezeroak eraman ditu Arruazuko ostatura. Uda iristean jendea terraza noiz jarriko zuten galdezka zituzten Arruazuko ostatukoek. "Ez ziguten ekartzen", azaldu du Carvalhok. "Herriari bizia eman dio", eta mugimendu handia izan zuten. 

Dorraon tabernaz aparte Itur Aldea elkartea dagoenez, batetik bestera ibiltzen dira herritarrak eta, hala, poteoa dago. "Orain aldatzeko aukera dute, lehen ez baitzegoen halakorik. Gainera, aukera hori dagoenez, jendea etxetik askoz ere gehiago ateratzen da". Dorraori mugimendua eskaintzeko mexikarren emanaldiak antolatu izan dituztela azaldu du Muñozek. 

Uriak nabarmendu duenez, "negua gogorra izan da. Hotzarekin jendea ateratzen da. Baina euria egiten duen egunetan jaitsiera handia nabaritzen dugu, negatiboki eragiten digu". Muñozek esan duenez, "hotzagatik jendea ez zela etxetik aterako eta udazkena eta negua kaxkarragoa izanen zela espero nuen, baina lanean estutu behar izan dugu. Jendea berdin-berdin etorri baita, bai dorrobarrak bai inguruko herrietakoak ere. Iruñetik ere etorri izan dira. Baita mendizaleak eta txirrindulariak ere". 


Rosane Alves Da Silva eta Larisa Muñoz Alves Dorraoko estalpe tabernan. 

Eskaintza
Errozko ostatua taberna eta jatetxea da, baina "indargunea jatetxea da", nabarmendu du Uriak. "Sukaldaritza tradizionala lantzen dugu, amonek egiten zuten moduan, maitasunez egiten ditugu platerak. Ez dugu presio eltzerik erabiltzen. Dena borbor eginez prestatzen dugu". Gaineratu duenez, "bikotekidea Gipuzkoan hazi bada ere, Leongo jatorria du. Eta Leongo eta hemengo sukaldaritzaren fusioa egiten dugu". 

Sasoiko produktuan oinarritutako sukaldaritza tradizionala eskaintzen dute Arruazun. Baina Brasilgo jatorriko ikutua ematen dio Carvalhok. Arruazura joaten direnak "liluratuta" daudela esan du Carvalhok: "jendeak deitzen dit, oso ona dagoela esaten du, txalo jotzen du. Jendea pozik ikusteak animo handiagoa ematen dit". Potaje, arrain eta bestelakoez aparte, txuleta, txerrikumea ez dira eskaintzan faltatzen. Horiekin aparteko fama lortu zuten Oroz-Betelun. "Esaterako, postreekin jendea zoratzen dago", gaineratu du sukaldariak. 

Dorraoko tabernan ere jatekoak eskaintzen dituzte. Sukaldeko ardura Alvesena da. "Bertako sukaldaritzako platerak eskaintzen ditugu. Asteguneko eta asteburuko menuak, pintxoak, ogitartekoak, gosariak eta kazolatxoak ditugu. Ostiraletan pintxo-potea egiten dugu. Denetarik pixka bat eskaintzen dugu", azaldu du Muñozek. 

Aurrekariak
Errozko ostatua aurretik hainbatek kudeatu izan dute. "Denetarik egon omen da. Erroztarrek kontatu digutenez, batzuk oso ongi egin dute eta bezero ugari izan dituzte. Eta beste batzuk ez dute ongi egin eta arrasto negatiboa utzi dute". 

Arruazuko ostatuan nola jaten den jakiteko interesa izan zen. Carvalhok esan duenez, "herriari zerbitzua eskaintzen diogu. Pozik egon dadila". Ahotik belarrirako albisteek bezeroak eraman ditu Arruazuko ostatura. 

Dorraoko taberna Muñozek eta Alvesek abiarazi zuten. "Itsu-itsuan abiarazi genuen taberna, gainera, festetan. Ez genekien zeri egin beharko genion aurre. Baina, tira. Ondoren, pitteka-pitteka, bezeroak ezagutzen hasten zara. Kritika onak izan ditugu, eta hala segitzea espero dugu". 

Tamaina 
Abantailak eta desabantailak ditu herri txiki batean egoteak. Errotzen "naturaz eta mendiz inguratuta gaude", azaldu du Uriak. "Alde txarra da bezeroen artean badela asko laguntzen ez duenik. Baina balorazioa positiboa da". Carvalhok esan duenez, "herri txikian egotearen parte txarrik ez dugu ezagutzen". Azaldu duenez, "bururatzen zaien guztia esaten dizute, tonu eraikitzailean ere. Eta herrian izan daitezken ika-mikak? Berriak gara, ez dakigu ezer, hobe isilik eta herri guztia ezagutzen dugu, kitto. Jende jatorra da". Arruazun tokia egin du. Sakandarrak ere ostatura joaten direla azaldu dute. "Jendea gurera etortzen da, lanean ari gara. Pozik gaude", laburbildu du Carvalhok. 

Muñozek esan duenez, "Dorraon guztiok elkar ezagutzen dugu. Gainera, ama eta biok herrian bizi gara. Ez dugu autorik hartu beharrik". Muñoz iruindarra da eta "asko harritu nintzen jakitean okina, fruta edo izoztutako produktuen saltzailea eta beste etxeko atera etortzen zirela jakitean. Ona da. Nik aurretik ez nuen horrelakorik bizi izan". Gaineratu duenez, Dorraori ez dio inolako eragozpenik ikusten: "lasaitasuna nahi baduzu, baduzu. 'Saltsa' ere lor dezakezu. Ni dagoeneko herritartu naiz. Iruñera joan eta Dorraora bueltatzeko garaiaz pentsatzen ari naiz. Asko gustatzen zait herri hau".