Pilota

Elordi eta Zabaleta bigarrenak dira ligaxkan

Guaixe 2026ko urtarrilaren 19a

Elordik eta Zabaletak seigarren puntua lortu zuten Etxeberriaren eta Rezustaren kontra partida erremontatu ondoren. EITB

Binakako Pilota Txapelketako hamargarren jardunaldian Etxeberria eta Rezusta erremontatu zituzten, eta seigarren puntua eskuratu. Zabala-Martijak Altuna III.a-Ezkurdia mendean hartu zituzten, jokoan zegoen bosgarren puntua lortuaz

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako hamargarren jardunaldian partida oso erabakigarria jokatu zuten ilbeltzaren 16an Zabala-Martijak eta Altuna-Ezkurdiak Azpeitiko Izarraitzen, bi bikoteek lau puntu zituztelako eta gora begiratzeko bosgarrena ezinbestekoa zelako. 

Inoren harridurarako, Zabala eta Martija Altuna saihesten eta Ezkurdia lehertzen saiatu ziren. Azkenean, estrategia ongi atera zitzaien, 15-22 hartu baitzieten mendean. Hala ere, aurretik oso estu egon zen partida, oso paretsu, bi bikoteak sendo aritu baitziren. 14nako berdinketaren ondotik urdinak aldea ateratzen hasi ziren, eta gogor arituta, Altuna eta Ezkurdia garaitu zituzten. “Uste dut partidaren bigarren zatian eroso ibili garela, eta bosgarren puntua lortuta, oso pozik” azaldu zuen Martijak partida bukaeran. 

Elordik eta Zabaletak Etxeberriaren eta Rezustaren kontra jokatu zuten ilbeltzaren 18an Mungian. Partida bizian, hasieran Etxeberriak eta Rezustak aldea atera zuten, 5-14. Aurreko jardunaldian Zabala eta Martija irabaztetik zetorren bikoa, eta sentsazio oso onekin aritu ziren. Aldiz, Elordiri eta Zabaletari partidan sartzea kosta egin zitzaien. Nolanahi ere, ez zuten amore eman eta, gutxika, berpiztu eta aldea murrizten hasi ziren, 15-19 hurbiltzera arte. Etxeberriak eta Rezustak ez zuten partida ixten jakin, eta euren akatsei esker Elordik eta Zabaletak erremontatzea eta 22-19 irabaztea lortu zuten. 

Vidarteren agurra
Fernando Vidartek Aspe S.L.-ko administratzaile bakarra izateari utzi dio. Jabe berria Iker Moreno da, orain arte ASPEko finantza zuzendari zena. Ilbeltzaren 19an Vidartek prentsaurrekoa deitu du aldaketaren nondik norakoak azaltzeko. 

Hamaikagarrena
Laso-Albisuk jarraitzen dute Binakako ligaxkako lider (9 puntu). Elordi-Zabaleta bigarrenak dira (6 puntu) eta 5 puntu dituzten hiru bikote daude segidan: Larrazabal-Mariezkurrena, Zabala-Martija eta Jaka-Iztueta. Altuna-Ezkurdiak eta Artola-Imazek launa puntu dituzte, eta Etxeberria-Rezustak 2 puntu. 

Hamaikagarren jardunaldian, ilbeltzaren 23an Etxeberria-Rezustak Larrazabal-Mariezkurrena izango dituzten arerio Hendaian. Ilbeltzaren 24an Zabala-Martijak Jaka-Iztuetaren kontra jokatuko dute Getarian, eta egun berean Elordi-Zabaleta Artola-Imazen kontra, Donostian. Azkenik, ilbeltzaren 25ean Altuna-Ezkurdiak Laso-Albisu liderrak dituzte aurkari.