Txirrindularitza

Euskaltel-Euskadi, etxean eta ilusioz

Guaixe 2026ko urtarrilaren 21a

Euskaltelek Derion duen egoitza nagusian egin zuten 2026ko aurkezpen ofiziala. EUSKALTEL EUSKADI

Altean egindako aurkezpenari Derioko aurkezpen ofizialak jarraitu dio. Hasi berri den denboraldian, poztasuna berreskuratu nahi du talde laranjak, eta “gogotsu eta anbizioarekin” ekingo dio lanari

Alteako kontzentrazioan aurkezpen txikia egin zuen Euskaltel Euskadik, baina ilbeltzaren 20an aurkezpen ofiziala egin zuten Derion, Euskaltel enpresaren egoitza nagusian. Zazpigarren aldiz jarraian ProTeam gisa elitean sendotu ostean, Euskaltel-Euskadi taldeak egutegi globalizatu baten erronkari helduko dio anbizio berrituarekin. 

Aurten 20 txirrindularik osatzen dute profesional mailako eskuadra laranja, horietatik hamalau euskaldunek, Iker Mintegi tartean. Altsasuarrak talde laranjan bere hirugarren denboraldia ekingo dio. 

Jorge Azanza zuzendari altsasuarrak egingo ditu lemazain lanak. Bere lan taldean beste sakandar baten laguntza izango du, Pablo Urtasun kirol zuzendari urdiaindarrarena. “Denboraldi honetarako ilusio handia dugu, eta gauzak ongi ateratzen badira aurreikuspen handiak ditugu. Joan zen urtean zorte txarra izan genuen” nabarmendu zuen. “Denboraldi hasieraren emozioa sentitzen dugu. Talde orekatua, ausarta eta zintzoa dugu; munduko onenekin aritzeko aukera izango dugu, eta denboraldi ona egin nahi dugu. Txirrindulari bakoitzak bere potentziala ateratzen badu, errepidean egun onak izango ditugu. Talentua dute, mimo handiz prestatu dugu denboraldia, baina jakitun gara geroz eta zailagoa dela muturra sartzea. WorldTour taldeak lasterketa guztietan geroz eta presenteago daude, baina gure tokia lor dezakegu”. Helburuez mintzatu zen. “Gure helburua da protagonistak izatea, lasterketetan borroka egitea, eta WorldTourretik haratago lehiaketetan parte hartu ahal izatea. Eta, bide batez, babesten gaituztenei emaitzekin eskertzea gugan duten konfiantza. Nortasuna eta zintzotasuna ditugu oinarri, eta balio horiek dira gure benetako identitate-marka nazioarteko tropelean. Ezaugarri horiei esker, hazi egiten gara erronken aurrean”. 

Jonahtan Lastra da Euskaltelen fitxaketa nabarmenena. Berarekin batera, Jon Agirre, Yago Agirre, Nicolas Alustiza, Unai Aznar, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Samuel Fernandez, Ander Ganzabal, Paul Hennequin, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Jonathan Lastra, Jordi Lopez, Gotzon Martin, Jokin Murgialdai, Louis Sutton, Gari Ugarte, Danny van der Tuuk, Axel van der Tuuk eta Iker Mintegi txirrindulariek osatzen dute taldea. Guztiak, hasteko irrikaz daude. 

Valentzian hasiko dute denboraldia, ilbeltzaren 23an, Classica Camp de Morvedren. Aurretik, ilbeltzaren 20an, talde laranjak aurkezpen ofiziala egingo du Euskaltelek Derion duen egoitza nagusian.