Miguel Mari Elosegi

"Gehienek oso antzeko genetika informazioa dute"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko urtarrilaren 28a

Europar bisoia. UTZITAKOA

Europar bisoia kontinentean desagertzeko arrisku handien duen ugaztunetako bat da eta Sakanan bada haren populaziorik. Miguel Mari Elosegi Irurtia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko  Departamentuko Naturguneen eta Espezie Babestuen Ataleko Biodibertsitatearen Zerbitzuko teknikaria da.

Urtero bezala, irailetik apirilera bisoi amerikarra kontrolatzeko kanpaina egiten dute Nafarroako Gobernuko basozainek. Sakana-Mendialdeko barrutian batez ere Arakil, Larraun eta Leitzaran ibaietan tranpak jartzen dituzte. Horien helburua desagertzeko zorian dagoen europar bisoiari laguntzea da.

Miguel Mari Elosegi Irurtia. UTZITAKOA

Europako bisoia, nolakoa animalia da?
Ertaina edo txiki xamarra da. Kolore arre ilunekoa da goitik eta behetik. Kokotsean mantxa txuri txiki bat du eta ahoaren inguruan txuri gehiago du. Buztan iletsua du. Kilo bateko pisua-edo izan dezake. Ibai edo erreka bazterretako espeziea da. Mendi-mendian ez dago. Arrak emeak baino pixka bat handiagoak dira. Hanka erdi palmatuak dituzte, hau da, hatzen artean mintz txikiak dituzte. Haragijalea da. "Lehengusu" ugariko familia batekoa da: lepatxuria, lepahoria, ipurtatsa, azkonarra, ergueniria eta igaraba. Denak desberdinak dira, baina antzekoak. Iberiar penintsulan 1953ra arte ez zuten opatu. Aurreneko zita Tolosan, ubelde ondoan. 

Non bizi da?
Ibai bazterretan bizi da, baina ez da uretan bizi. Erdi lehor erdi uretakoa da. 

Zertaz elikatzen da?
Haragijalea da. Ehizan makinak dira. Honek harrapatuko ditu sugeak, igelak, arrainak, saguak... Gehienak mikrougaztunak izanen dira, saguak eta satainak. Baina bere tamainarekin harrapa dezakeen edozer gauza ehizatzen du, ibai bazterrean harrapa ditzakeenak. Erreka bazterrean arrain bat despistatzen bada, harrapa dezakete, baina europar bisoia ur azpitan sartu eta arrain bat harrapatu, nekez. 

"Oso gaueko animaliak dira. Ikustea eta haien bizimodua ikastea ez da erraza"

Zer bizimodu du?
Gauekoak, goizean-goizekoak eta ilunabarrekoak dira, orduan gehiago mugitzen dira. Ez dakigu asko. Aipatutako "lehengusuak" oso gaueko animaliak dira. Ikustea eta haien bizimodua ikastea ez da erraza. Hemendik eta handik informazioa lortzen da. Orain beste teknika batzuekin "iraultza" sortzen ari da. Esaterako, tranpa argazki kamerak. Halakoak jarri eta aurretik zerbait pasatzeak hark argazkia egiten dio. Hori informazio iturri bat da. Ile tranpak ere asmatu dira. Zilindro bat da, eta barruan usaina botatzen duen zerbait jartzen dute, arrain puska bat-edo. Zilindroaren barruan zerbait itsaskorra jartzen dute, kola moduko bat. Animalia sartzean han ile batzuk gelditzen dira, laborategira eraman eta han aztertzen dira, zein espezierenak diren jakiteko. Hemendik eta handik teknika berriak daude animalia hauen berri izateko. 

Lurraldetasuna mantentzen dute?
Espezie batek biziraun behar du. Horretarako kumatu beharra du: arra bada emea bilatu eta emea bada arra. Arra bada eta beste ar batekin bat eginez gero, lehia egonen da. Ez da hainbeste ezagutzen, baina ubelde kilometro batzuk erabiliko ditu ziuraski, bizpahiru kilometro, gora eta behera, ubelde bazterretik. Eta, beharbada, gehixeago ere bai. Informazio hori ezagutzeko bisoia harrapatu eta GPS moduko bat jarri beharko litzaioke. Halako teknologia ez dago edonoren eskura. Pitteka horrelako ikerketak egiten hasi dira eta denborarekin askoz hobeki jakinen dugu zenbateko eremuan ibil daitekeen, eta bere eguneroko erritmoa zein den. 

Zein da ugalketa?
Kume gutxi batzuk ateratzen dituzte, hiru eta bost artean. Udaberrian izaten da kumaketa, apirila-maiatza aldera jaiotzen dira. Sartuko dira ibai bazterreko sastrakadiren batean, gorde-gordean, eta han izanen dituzte kumeak. 

"Atzera egiteko faktore asko daude. Azkena kanpotik ekarritako amerikar bisoia"

Zein egoeratan dago? 
Mundu guztian oso toki gutxitan dago europar bisoia. Munduan desagertzear dagoen haragijale bat da, hartza edo katamotza bezala. Ezagunak dira Espainian katamotza babesteko egiten ari diren proiektuak. Bada europar bisoi gutxiago daude. Gure inguruan daukagu: Errioxan, Araban, Gipuzkoan, Nafarroan eta Iparraldean Landak bitartean oso gutxi. Itsaso Beltz inguruan, Errumanian. Nukleo txiki bat Errusia inguruan. Baina oso-oso gutxi daude. Nafarroan Iberiar penintsulako bisoien erdiak-edo dauzkagu. Ez dakigu zehazki, kontatzea oso zaila baita. Badira urte batzuk lanean ari garela eta Nafarroan non dauden ikusten ari garela. Arakil inguruan populaziotxo bat dago. Baina, behar bada, hobekien daudenak hegoalderago daude, Arga eta Aragoi ibaien inguruan: Martzilla, Caparroso, Funes, Azkoien... Ibai handi horien inguruan hezeguneak daude. Uholdeak daudenean urak zelai, txipudi eta lezkadi batzuk hartzen ditu. Ibai eta ubelde bazter horiek erabiltzen ditu europar bisoiak. Uste dut azken urteetan Arakilen amerikar bisoirik ez dutela harrapatu. 

Zergatik dago desagertzeko egoeran?
Europa erdialdean zabalduta zegoen. Mendeetan atzera egin du, eta horretarako faktore asko daude: ibaietako kutsadura; ibai ertzeko ekosistemak hondatzea industrializazioarekin, harri lubetak edo kanalizazioak eginda; ehiza... Azkeneko arazoa, larriena, kanpotik ekarritako beste bisoi bat Europan sartzea izan zen: amerikar bisoia. 

Badakizu: "txakur ahula, dena arkakuso, dena kapar". Ba, hau gauza bera. Gutxi gelditzen dira. Eta zeinen artean gurutzatuko dira? Dauden gutxi horien artean. Horrek odolkidetasun arazoak sortzen ditu, hau da, ahaide xamarrak dira denak. Onena litzateke bisoi horiek batera eta bestera mugitzea, topatzea urrutiagoko bisoiak eta gurutzatzea, odola berritzea. Halakorik ez dago, eta hori beste arazo bat dakar: gaitzen aurrean ahulagoak dira eta gaixotu egiten dira. Bestalde, odolkidetasun arazoak dituztenez, kume gutxiago izaten dituzte. Kumeen artean hilkortasun handiagoa dago. 

Zein eragin du amerikar bisoiak?
Europar bisoiak larru azal oso berezia du. Bisoi larruz egindako berokiak jende dirudunak erabiltzen zuten. Oso jantzi dotorea zen. Larruazala aprobetxatzeko, ikusi zuten amerikar bisoiak etxaldeetan haztea errazagoa zela. Halakoak Europan jarri zituzten. Animaliak etxaldeetatik alde egin zuten, askatu egin zituzten... denetarik. Eta ondorioak oso txarrak izan dira. Amerikar bisoia handiagoa da bertakoa baino. Bertakoa harrapatzen badu akabatu edo uxatu egiten du. Bisoi amerikarrek zenbait gaitz ekarri zituzten, beraiek horiei eusten diote baina europar bisoiak ez. Gaitz horiek zabaldu ziren eta, akabo, europar bisoia desagertu zen.

Europar bisoia mantentzeko zer lan egiten ari zarete?
Oraingo borroka da amerikar bisoiak kentzea. Oso garrantzitsua da hori. Oso selektiboa izan behar da eta bakar-bakarrik amerikar bisoien kontra jo behar da. Horretan dabiltza ikerlariak, basozainak eta jende asko. Hobetzen ari dira, baina oso zaila da halako espezie bat kontrolatzea. Amerikar bisoiak harrapatzeko ur gainean egurrezko plataforma batzuk jartzen dira, metro eta erdi luze eta metro bat zabaleko baltsa batzuk, eta zuhaitz bati lotuta. Haren barruan arrastoak detektatzeko buztina jartzen da. Bisoi horiek bazter guztietan sartzeko joera dute. "Zulo bat? Ea jateko zerbait dagoen". Ibai bazterretan jarritako plataforma horietara sartu egiten dira. Arrastoak uzten dituzte. Basozainak trebatzen ari gara arrasto horiek identifika ditzaten. Bisoi arrastoak detektatzean, plataforman bertan tranpa jartzen dute animalia bizirik harrapatzeko. Harrapatutakoa zein espezietakoa den identifikatu beharko dute. Europarra bada momentuan askatuko dute, amerikarra bada kendu eginen da. Arakilen azkeneko urteetan, nik uste, ez dela amerikarrik harrapatu. Eta, Nafarroan, oso gutxi. Bat edo beste Bidasoa edo Orabidea inguruan, Iparraldera doazen erreketan. Iparraldean eta Frantzian hasi dira amerikar bisoiaren kontrola egiten, sistema berarekin. Nabari da gutxiago sartzen ari direla. Etorkizunik izan behar badu hori bera egin beharko lukete europar bisoia dauden probintzia, erkidego eta herrialde guztietan. Ea eutsi diezaiokegun ibai ertzetako espezie honi. Horrek izugarrizko ahalegina eskatzen du.  

"Ikusten ari dira beharbada Europan desagertzeko arrisku handiena duen espeziea dela"

Elkarlanik ba al da?
Bai. Nafarroan basozainek, ikerlari batzuk eta teknikariek koordinazioa dugu. Arakil ibaian mantentzen ari da. Baina ubeldearen sorburua Araban dago, beraz, Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean ari gara. Beste maila batean Espainiako Ministerio bat bere erkidegoak koordinatuko ditu. Gorago, Europan ere espezie honekin koordinazioa dago, ikusten ari direlako beharbada Europan desagertzeko arrisku handiena duen espeziea dela. 

Gatibu daudela erreproduzitzeko aukerarik ba al dago?
Abeltzainek edo animalia hazleek badakite noizean behin odola aldatzea komeni dela. Baina non aldatu ez badago? Munduan jendea lanean ari da. Egun posiblea da europar bisoiak harrapatzea eta ugalketa instalazioak dituzten zentroetara eramatea. Kumeak ateratzen dituzte. Arazoa da gehienek oso antzeko genetika informazioa dutela, ahaideak direla. Hainbat tokitan ari dira kumeak lortzen. Hurrengo pausoa izanen da bateko eta besteko animaliak trukatzea, gurutzatu eta ikusi genetikoki zer alde dagoen. Iritsiko da. Espero dezagun horrek etorkizun hobea eskaintzea espezieari. Zentro horiek seguru bat edo babes bat dira, deskuiduan naturan daudenak hiltzen badira, kaiolan hazitakoak izanen ditugu. Hori sendotu behar da. Baina, batez ere, naturan daudenen habitatak mantentzen saiatu behar gara. Europar bisoiak bizitzeko baldintza onean dauden ubeldeak eta ubelde bazterrak behar ditu. Horrek naturala izan behar du. Bisoi amerikarraz aparte, ingurumenaz pertsonok egiten ditugun erabilerak ere arazoak sortzen dizkiete. Hori guztia kudeatzea ez da erraza.