Pentsio Sistema Publikoaren defentsan zortzi urte

Guaixe 2026ko urtarrilaren 26a

Astelehen eguerdiro egiten dute bilkura, udaletxe parea eta Zumalakarregi plaza txandakatuz.

Lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko pentsioa aldarrikatzen du pentsiodunen mugimenduak.

Balantzea egin, lortutakoa ospatu eta etorkizuneko erronkez aritzeko eguna izan zen pentsiodunen mugimenduarendako ilbeltzaren 19a. Izan ere, ilbeltzaren 15ean zortzi urte bete ziren pentsiodunen mugimendua kalera atera zela pentsio sistema publikoaren defentsan. "Pentsiodunek 2018a pairatzen genuen egoerarekin alderatuta, zortzi urte hauetako balantzea positiboa da. Baina pentsioen sistema publikoa arriskuan dago, putreek pribatizatu nahi dutelako". Pentsiodunek nabarmendu zutenez, "Nafarroan balantzea positiboa da". Izan ere, batetik, gutxieneko pentsioaren osagarria 1.035etik 1.100era igo da eta 14 ordainketa eginen dira aurten. Bestetik, Pertsona Fisikoen Errenta Zergaren atxikipen taulan errenta aitorpena egiteko salbuespena 14.500 eurotik 17.000 eurora igo dute. "Nahikoa ez den arren", gaztigatu zuten pentsiodunek. 

Salaketak ere izan zuen tartea, zeren eta "2026 urterako kotizaziopeko pentsioei %2,7ko igoera kalkulatu dute. Atzera ere, Espainiako Gobernuak azken 12 hilabeteetako urte arteko Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) batez besteko formula tranpatia erabili du, ez 2025eko KPI erreala". Azaldu zutenez, gutxieneko pentsioen eta kotizazio gabeko pentsioen kasuan igoerak %7 eta %11,4 artekoak izanen dira. 

Pentsiodunen mugimenduko kideek esan zutenez, "astelehenetan borrokan jarraitzeko konpromisoa hartu dugu, gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatara parekatzeko". Horrekin batera, mugimenduko kideek nabarmendu zutenez, "gure aldarrikapenek eta erronkek bizirik diraute". Eta honako aldarrikapenak zerrendatu zituzten: 40 urtez lanean kotizatu dutenei zigorrik ez jartzea, pentsioetan dagoen genero arrakalari akabera ematea, pentsioak benetako KPIaren neurri berean errebalorizatzea eta soldata duinen kotizazioaren bidez pentsioen sistemaren finantzaketa bermatzea. Aldi berean, pentsiodunen mugimenduak ez ditu ahaztu berarendako ezinbestekoak diren bi zerbitzu: "osasun sistema publikoaren eta zerbitzu soziosanitario publiko eta unibertsalaren alde mobilizatzen jarraituko dugu".