Astekaria

Txokolatezko sakandarrak

Maider Betelu Ganboa 2026ko urtarrilaren 28a

Enara Perez eta Eider Razkin, Espainiako Pista Txapelketan. UTZITAKOA

Espainiako Madison Pista Txapelketetan kadeteetan Enara Perez eta Eider Razkin laugarrenak izan ziren, eta juniorretan Luca Martinez eta Javi Monreal ere bai. Omniumean Enara Perezek brontzezko domina ekarri zuen

Ilbeltzaren 10ean eta 11n Espainiako Omnium eta Madison Pista Txapelketak jokatu ziren Balearretako Palman. Nafarroako selekzioan hiru sakandar zeuden: kadete mailan Enara Perez olaztiarra eta Eider Razkin arbizuarra, biak Ermitagaña taldeko txirrindulariak, lehena bigarren urtekoa eta bigarrena lehen urtekoa; eta junior mailan Luca Martinez lakuntzarra, Tolosa Danena taldeko bigarren urteko juniorra. 23 urtez azpiko mailako Ane Berastegi txirrindulari arbizuarrak bere klubarekin hartu zuen parte (Grupo Eulen Amenabar) elite mailan, nahiz eta Nafarroako selekzioaren asistentzia jaso.

Enara, omniumean brontzezkoa
Espainiako Omnium Pista Txapelketan lau proba jokatu ziren: scratch, tempo, kanporaketa edo eliminazioa eta puntuazioa. Bakarka lehiatzen dira pistard-ak, eta lau probetan lortutako puntuazioa batuta behin betiko sailkapena egiten da, rankinga. Enara Perez olaztiarrak lan ederra egin zuen eta rankingean hirugarren sailkatu zen, meritu handiz kadete mailako brontze domina lortuaz. Joan zen urtean ere brontzezko domina lortu zuen Espainiakoan. Eider Razkin fin ibili zen eta hamahirugarren sailkatu zen bere lehen urte honetan. Juniorretan Luca Martinezek lan ona egin zuen eta hamaikagarren sailkatu zen. Azkenik, eliteetan Ane Berastegi hamabosgarren sailkatu zen.

Madisona, ikusgarria
Madisona pista txirrindularitzako proba ikusgarrienetako bat da, talde lana, abiadura eta estrategia uztartzen dituen erresistentzia proba. Binaka jokatzen da. Talde bakoitza bi txirrindularik osatzen dute, eta erreleboa eskuz ematen dute; hau da, txirrindulari bat lasterketan edo bidean dagoen bitartean, kidea atzean edo alboan dago, nolabait atseden hartzen. Erreleboa emateko, bidean dagoen txirrindulariak kideari heldu eta eskutik bultzada ematen dio, bere indarra eta abiadura transmititzeko. Ahalik eta puntu gehien lortzen dituen bikotea da txapelduna. Puntuak bi modutara lortzen dira: normalean 10 itzuliro sailkapen bat egiten da, hau da, esprint bat egiten da, eta lehenengo lauzpabost sailkatuek puntuak jasotzen dituzte (lehenak puntu gehiago, bigarrenak gutxiago...). Azken esprintak bikoitza balio du. Bestalde, talde batek tropel nagusiari aurrea hartzen badio puntu gehigarriak lortuko ditu, 20 puntu inguru.

Bi laugarren postu
Enara Perezek eta Eider Razkinek kadete mailan bikotea osatu zuten.  Pistari 40 itzuli egin behar zizkioten guztira, eta ikusgarri hasi ziren, gutxika lehen postuan jarri baitziren, urrezko domina lortzear. "Erreleboak primeran egin zituzten, eta martxa oso onean zihoazen, ongi puntuatzen. Azken hamar itzulietan lehen postuan zeuden, erreleboak bikain eginez" azaldu du Amaia Barrenetxea Enara Perezen amak. Baina azken itzulian ezustekoa gertatu zen. "Normalean azkeneko buelta lanzatuta egiten dute txirrindulariek, topera, eta ez da erreleborik ematen. Baina Valentziako bikoteetako batek, Nara Gomezek eta Adriana Segurak, erreleboa azken itzulian eman zuten. Atzetik Enara eta Eider ziztu bizian zetozen, ez zuten erreleboa espero. Enara erditik zihoan eta bi valentziarren artean geratu zen, harrapatuta. Zorionez, ez zen erorketarik izan, baina Enarak indarra, abiadura eta denbora galdu zuen". Ondorioz, bikote sakandarra, lehen postuan egotetik, laugarren postuan sailkatzera pasa zen. "Urrezkotik, txokolatezko dominara. Eta pena horrekin geratu dira" nabarmendu du Barrenetxeak.

Valentziako Nara Gomezek eta Adriana Segurak urrezko domina  lortu zuten, eta sakandarrak laugarren izan ziren, hirugarrenetik puntu eskas batera. "Nafarroako hautatzailea ere zur eta lur zegoen. Bere ibilbide guztian ez duela halakorik ikusi esan zuen, bikote batek azken itzulian txanda ematea eta lehen postuan zegoen bikoteak urrea galtzea. Errelebo horrek ez omen du araurik apurtzen, baina normalean ez da egiten. Urrezko domina eskura izanda, laugarren postuarekin pena hartu zuten, baina orain postu horrek meritua duela jabetu dira. Ikaste prozesua da".

Luca Martinez lakuntzarrak Javi Monrealekin osatu zuen bikotea, junior mailan.  80 itzuli zituzten aurretik. "Hasieran erritmoa hartzea eta erreleboak ongi ematea, hau da, ongi sinkronizatzea kosta egin zitzaien, eta lehen itzulietan ez zuten puntuatu. Erdialdetik aurrera behetik gora egin zuten, puntuatzen hasi ziren, eta azkenean junior mailako madisonean laugarren sailkatu ziren, podiumetik oso gertu. Hemen ere azken unean erorketak izan ziren... denetatik" kontatu du Barrenetxeak. Horren gertu izanda podiumera ez igotzearen arantza dute Martinezek eta Monrealek, baina behetik gora egin zuten, sailkapena irauli, eta meritu handiko laugarren postua lortzea ez da txantxa.

Elite mailan Ane Berastegik Ana Estellarekin parte hartu zuen madisonen, Nafarroako selekzioa ordezkatuz. Ez zuten euren egunik onena izan, eta ez zuten proba bukatzea lortu. Proba bukatu zuten sei bikoteen atzetik daude sailkapenean.

Datorrena
Ilbeltzaren 31n eta otsailaren 1ean Espainiako Pista Kopako laugarren eta azken jardunaldia jokatuko da Galapagarren. Enara Perez bigarren da kadeteen fondisten sailkapenean (282 puntu), Valeria Almena liderretik 2 puntura. Kopa irabazteko erronka ederra du olaztiarrak. Apirilaren 2tik 5era, Espainiako Pista Txapelketak jokatuko dira Galapagarren.