Astekaria

Goikoetxea, Palacios eta Mazkiaran, sarituak

Maider Betelu Ganboa 2026ko otsailaren 2a

Mikel Mazkiaran eta Javier Goikoetxea 2025ko Nafarroako Automobilismo Txapelketako sariak jasotzen. FENAUTO

Ilbeltzaren 17an 2025eko Nafarroako Automobilismo Txapelketen gala ospatu zen Corellan

Nafarroako Automobilismo Federazioak 2025eko Nafarroako Rally, Mendi Igoera, Slalom eta bestelako txapelketen sariak banatu zituen ilbeltzaren 17an Corellan egindako galan. Hiru sari Sakanara etorri ziren. 

Nafarroako Lur Gaineko Rallyen txapelketa Javier Leyun pilotuak (Skoda Rally 2 EVO) irabazi zuen; haren kopilotu Javier Goikoetxea olaztiarrak kopilotuen saria irabazi zuen. 

Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketan, monoplazen modalitatean bigarren saria Iker Palacios pilotu lakuntzarrarendako (BRC B52) izan zen. Turismoen atalean Bruno Scherer gailendu zen, eta Mikel Mazkiaran altsasuarra hirugarren sailkatu zen (Seat 600 JTR), turismoetan lehiatzen den lehen urtean. 

2026ko egutegia, zehaztuta
Nafarroako Automobilismo Federazioak 2026ko behin behineko egutegia zehaztu du. Bi proba jokatuko dira Sakanan: apirilaren 25ean, Olaztiko Rallysprinta, eta urriaren 3an Urbasako Mendi Igoera.