Astekaria

"Gogotsu hartu eta egitaraua antolatu dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko urtarrilaren 27a

Orritz dantza taldeko kideak Ihabarren egindako emanaldi batean. UTZITAKOA

Irurtzungo Orritz dantza taldearen Neguko Jaialdia izanen da ilbeltzaren 31n, larunbata. Enara Huarte dantza taldeko kidea da.

Dantza taldeko kideek egitarau zabala antolatu dute arratsalde-gauerako.

1. Zer da Orritz dantza taldearen Neguko Jaialdia?
Orritz dantza taldea 1989tik dago Irurtzunen dantza egiten, eta hasieratik antolatu izan den gauza bat da; neguan, udazkenean edo udaberrian. Aurten neguan egiteko apustua egin dugu, eta horrela atera da. 

2. Beraz, urtean behin egiten da. 
Hori da, bai. Urtean behin jaialdia egiten dugu, eta gero urtean zehar Irurtzundik eta Sakanatik hainbat emanaldi egiten ditugu; baina guk antolatutako jaialdi bat egiten dugu. 

3. Zein da desberdintasuna? 
Neguan arratsalde-gauerako plangintza egin dugu. Udazkenean edo udaberrian eguraldi hobea izan ohi dugu, eta eguneko plangintza egiten dugu. 

4. Noiztik antolatzen dituzue? 
Nik uste betidanik antolatzen dituztela. Guk oraintxe hartu dugu erreleboa, martxa hartzen gabiltza, baina esango nuke betidanik egin izan direla. Baita elkartrukeak ere. 

5. Gazteek lekukoa hartu duzue?
Gogotsu hartu dugu. Gauza hauek gogotsu hartu behar dira, bestela ez dira ateratzen. Duela bi urte gazteenak gelditu ginen eta martxa hartu behar zuen, bestela dantza taldea galdu behar zen. Taldean lan taldeak egin ditugu eta lan karga banatu dugu. 

6. Zenbat kide zarete? 
Oraintxe 25 bat kide gara, 16 eta 22 urte bitartekoak. Irurtzungo zein inguruko jendea gaude; Arakiletik gehienbat, Etxeberri, Satrustegi, Ihabar... 

7. Jaialdian guztiek parte hartzen al duzue? 
Bai, ez bada dantza egiten antolakuntzan, txandak egiten... 

8. Nola prestatu duzue jaialdia? 
Taldean junta bat dugu, bost edo sei kidez osatutakoa, eta hortik ideia eta aukera nagusiak ateratzen dira. Horiek talde osora pasatzen dira, eta gauza desberdinak aukeratzen dira. 

9. Eta entseguak nolakoak dira? 
Urtean zehar normalean ostiraletan egiten ditugu entseguak. Arratsaldean haurren unetxoa da, eta guk gau aldera egiten dugu. Orain, jaialdiari begira, igandetan ere elkartzen ari gara. Normalean hemengo dantzak egiten ditugu, Nafarroakoak batez ere, baina aurten festei begira Euskal Herriko kostaldekoren bat ikasi nahi dugu. 

10. Zer antolatu duzue ilbeltzaren 31rako? 
Frontoiko ate irekiera 17:00etan izango da eta txokolate jana egongo da. Gero emanaldia hasiko da, eta lau talde egongo gara: Gernikatik Elai Alai taldea, Iruñerritik Amaiur eta Nava del Reytik El Cribero. Emanaldia amaituta Elektrokutau elektrotxarangarekin poteoa egongo da, eta gero dantzarien afaria. Urteak daramatzagu Irurtzunen eta inguruan dantza mugitzen, eta aurten apustua egin dugu egitarau zabalagoa antolatzeko eta inguruko jendea ere gerturatzeko. 

11. Zein da zure emanaldirik gogokoena? Eta dantza? 
Irurtzungo festak irekitzeko egiten dugun emanaldia; ilusioz hartzen ditugu festak. Nahiz eta Ihabarkoa izan, gogotsu hartzen dut. Dantzari dagokionez ez dut inoiz egin, orain hasi gara prestatzen, baina Eltziego deitutako dantza bat oso gustukoa dut.