Pilota

Zabaleta-Elordi eta Zabala-Martija sendotzen; Altuna-Ezkurdia, puntuen premian

Guaixe 2026ko urtarrilaren 26a

Zabalak eta Martijak finalerdietan egoteko pauso erraldoia eman dute. EITB

Binakako Pilota Txapelketako hamaikagarren jardunaldiak denetatik izan du

Binakako Pilota Txapelketaren hamaikagarren jardunaldiak goiko eta beheko postuak zehazten lagundu du. 

Zabalak eta Martijak goranzko bidean jarraitzen dute, Jakari eta Iztuetari partida ikusgarrian 19-22 irabazita euren seigarren puntua lortu eta pauso erraldoi bat aurrera eman baitute. Getariako partida oso paretsua izan zen, dominatzaile argirik gabekoa. Jaka-Iztueta 14-11 aurreratu ziren, baina une horretan Zabalak eta Martijak partida apurtu zuten, 14-19 erremontatuz. Azken tantoak estuak izan ziren, 19-21 gerturatu baitziren Jaka eta Iztueta, baina Aspeko bikoak ongi eutsi zuen eta partida irabaztea lortu (19-22), urrezko puntua eskuratuz. 

Elordi eta Zabaletak Artola eta Imaz izan zituzten aurkari Donostiako Atano III.ean. Partida hotza izan zen, Elordi eta Zabaleta oso nagusi izan zirelako hasieratik eta Artolak itzulera oso tristea izan zuelako; lesiotik itzuli, eta atzera ere ezker eskuan lesionatu zelako. Horrela, partidak ez zuen kolorerik izan eta Elordi-Zabaletak 6-22 irabazi zuten, ligaxkako bigarren postuari eutsiz. 

Altuna-Ezkurdiak Laso ordezkatu zuen Peña eta Albisu izan zituzten aurkari 2.000 ikuslerekin sarrera oso ona izan zuen Nafarroa Arenan. Peñak ezin hobe ordezkatu zuen Laso, eta Albisu ikusgarri aritu zen, Ezkurdia ezkerreko paretan ito baitzuen. Altunak eta Ezkurdiak defentsa lan handia egin zuten, eta hasieran Peñak eta Albisuk hartutako aldea iraultzear egon ziren, 10-11 gerturatu baitziren, baina ezinezkoa izan zen, eta, azkenean, 14-22 galdu zuten Peñaren eta Albisuren kontra. 

Sailkapena, argitzen
Binakako hamaika jardunaldi jokatuta, Laso-Albisuk jarraitzen dute lider (10 puntu), Elordi-Zabaletaren aurretik (7 puntu). Larrazabal-Mariezkurrenak eta Zabala-Martijak seina puntu dituzte, Jaka-Iztuetak 5 puntu eta Altuna-Ezkurdiak eta Artola-Imazek launa puntu. Sailkapena Etxeberria-Rezustak ixten dute (2 puntu)

Hamabigarren jardunaldia gori-gori dator. Ilbeltzaren 30ean Zabala-Martijak Larrazabal-Mariezkurrena dituzte aurkari Irunen. Ilbeltzaren 31n bi jardunaldi jokatuko dira. Sailkapeneko buruan dauden bi bikoak, Elordi-Zabaleta eta Laso-Albisu, elkarren kontra lehiatuko dira Gernikan, eta Jaka-Iztuetak P.Etxeberria-Rezusta izango dituzte aurkari Idiazabalen. Azkenik, otsailaren 1ean Altuna-Ezkurdia eta Artola-Imazen arteko partida hartuko du Gasteizko Ogetak.