Pilotaren munduan egun zoroak dira. Bainet Taldea Baiko taldetik bereizi da, bere partizipazioak transmitituz eta Aspe Pilotako partizipazio ia gehienak erosiz. Asperen izenak bere horretan jarraituko du, baina Baineten aterkipean geratuko da. Nahiz eta Ignacio Bidartek denak “berdin” jarraituko duela esan, inork gutxi sinistu ditu hitz horiek. Argi dagoena da Baineten agintea erabatekoa izango da pilota profesionalean.
Enpresetan izandako aldaketen ondoren, EPEL-ek Pelota Pro Liga izena hartu du, eta erabaki berriak hartu ditu. Komunikatu batean, Pelota Pro Ligak “pilota profesionalaren etorkizunaren aldeko apustu sendoa” berresten du, “bere nortasun-ezaugarriak zainduz eta bere tradizio aberatsean oinarrituz”. Horrela, Pelota Pro Ligaren laguntza ekonomikoa jasoko duen fundazio bat sortu du, “pilotari gazteen formakuntzari eta afizionatu mailako kluben jarduerari laguntzeko”. Pilota sustatzeko ere balioko du, “pilotarako interesgarriak diren gizarte-ekimenak abian jarriz eta babestuz”. Halaber, “pilotaren esparru geografikoa zabaltzeko eta lurralde berrietan bere presentzia zabaltzeko bokazioa” azaldu nahi du, “baita gaur egun pilotaren presentzia ahuldu den horietan bere jarduera indartzea ere”.
Azkenik, zaleen interesa handitzeko asmoz, egungoa hobetuko duen lehiaketa sistema berri batean ari da lanean. Taldekako lehiaketa batean oinarrituta egongo da, eta horrek pilotari profesional gehiago izatea ekarriko duelakoan dago.
Pilotariendako "Aspe bukatu da"
Aspeko pilotariak eta langileak, aldiz, mesfidati daude gertatutako guztiarekin. Jokin Altunak Diario Vascon azaldu duenez, “nola bukatu dugun, pena handia da”, eta etorkizunarekin zalantzati daude, “Guretako Aspe bukatu da. Ikusiko dugu zer gertatzen den”.