Futbola

Etxarrik garaipen sendoarekin mustu zuen zelai berria

Guaixe 2026ko urtarrilaren 27a

Etxarri Aranatzen jokatutako partidan jendetza bildu zen.

Gizonen erregional mailako hamabosgarren jardunaldiak lau puntu utzi zituen Sakanan, Lagun Arteak berdindu baitzuen

Gizonen hamabosgarren jardunaldian, Etxarri Aranatz liderrak Beloso hartu zuen ilbeltzaren 25ean, hain justu belar artifizialeko zelaia mustu zuten egunean, Etxarri osoa bildu zuen mustutze ekitaldia borobilduz. Partidak ginga jarri zion egunari, Etxarri Aranatzek 6-0 hartu baitzuen mendean Beloso. Hasieratik bukaerara kontrolatu zuen partida liderrak. Javier Fernanez de Garaialde Lazkanok, Urtzi Nazabalek, Jon Erdoziak, Xabier Igoak, Ivan Cerezok eta Iñaki Agirrek sartu zituzten golak. 

Lagun Arteak Valle de Egues C izan zuen aurkari Sarrigurenen. Valle de Egues fin hasi zen, eta 11. minuturako 2-0 aurreratu zen. Lagun Arteak ez zuen behera egin; 12 minutura Gorka Senarrek 2 eta 1ekoa jarri zuen markagailuan eta 2 minutura Sael Ozoriak bina berdindu zuen. Partida zabal-zabalik gelditu zen eta bi taldeak saiatu ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Lidergoa jokoan
Erregional mailako lidergoa estu-estu dago. Etxarri Aranatzek jarraitzen du lider (36 puntu), puntu bakarrera Kirol Sport duela (35 puntu). Lagun Artea bosgarren da, igoera faseko postuetatik 9 puntura. Hamaseigarren jardunaldian lidergoa dago jokoan, Etxarri Aranatz liderrak Kirol Sport hartuko duelako. Partida otsailaren 1ean jokatuko da, 15:45ean, Etxarri Aranazko San Donato zelaian. Bestalde, Lagun Arteak egun berean sailkapenean laugarren den Beti Kozkor B arerio zuzena hartuko du, Itxesalden.