Areto futbola

Altsasuk denboraldiko lehen garaipena lortu zuen

Guaixe 2026ko urtarrilaren 28a

Areto futboleko lehen maila autonomikoko Altsasu taldea.

Gizonen lehen maila autonomikoan Altsasuk Mendialdea mendean hartu zuen. Xotak eta Arbizuk garaipenaren bidean jarraitzen dute

Gizonen lehen maila autonomikoan hamabosgarren jardunaldia jokatu zen eta denboraldian lehenengoz gure hiru taldeek garaipena lortu zuten. 

Xotak Ibararte liderra izan zuen aurkari Zubirin, eta irurtzundarrak ikusgarri aritu ziren. Partida oso borrokatuan Ibararte aurreratu zen, baina Imad El Ougdik bana berdintzea lortu zuen eta Asier Astizek garaipenaren gola sartu zuen, 1-2. 

Arbizuk Cascanteko Cantera taldea hartu zuen Arbizuko kiroldegian. Antton Igoak Arbizu aurreratu zuen, baina Canterak primeran erantzun zuen, di-da batean 1-2 aurreratu zelako. Amaiur Garmendiari eta Jokin Urzelairi esker Arbizuk partidari buelta eman zion, 3-2, baina berehala hiruna berdindu zuen Xotak. Lehiak estu jarraitu zuen: Andoni Goikoetxeak Arbizuko laugarrena sartu zuen, baina atzera ere, berdindu zuen Cascanteko taldeak. Zorionez, azken unean Antton Igoak sartutako golak garaipena eman zion Arbizuri, 5-4. 

Azkenik, Altsasuk denboraldiko lehen garaipena lortu zuen, merezitakoa, Berriozarko Mendialdeari 8-5 irabazita. Partida estua jokatu zuten bi taldeek, baina beharrezkoa zuten garaipena lortu zuten altsasuarrek. Denis Javier Ordoñez (4), Aritz Sevilla (2), Raul Sanchez eta Chej Malainin Hafdala izan ziren golegileak. 

Sailkapena, estu
Nahiz eta Xotaren kontra galdu, Ibarartek jarraitzen du lehen maila autonomikoko lider (40 puntu), Gazte Berriak Antsoainen aurretik (39 puntu). Xota hirugarren da (36 puntu), Arbizu laugarren (35 puntu) eta Altsasu hamabigarren (3 puntu). 

Hamaseigarren jardunaldian Xotak Gazte Berriak Antsoain hartuko du otsailaren 1ean 12:30ean Atakondoan; Arbizuk Antaitasuna hartuko du ilbeltzaren 30ean, 19:30ean, eta egun berean Altsasuk Canteraren kontra jokatuko du, 19:30ean, Cascanten.