Sakanako Mankomunitateak aurten 6.080.937 euroko aurrekontua izanen du. Joan zen urteko aurrekontukoa baino 481.421,85 euro gutxiago da. Ibarreko erakundeko presidente Aitor Larraza Carrerak azaldu duenez, "joan zen urteko aurrekontuan inbertsio handiak jasota zeuden: Bizikleta Bide Sarea eta Urdalurko ur sarea Etxarren eta Irurtzun artean luzatzea. Baina lan horiek kenduta, bi urteetako aurrekontuen arteko aldea ez da hain agerikoa". Mank-en aurrekontua EH Bilduko kideen aldeko hamar botorekin eta Geroa Bairen lau abstentziorekin onartu zen.
Geroa Baik argudiatu zuenez, "proiektuari emendakinak aurkezteko epe bat jartzeko legezko betebeharra errespetatu gabe onartu da aurrekontua. Batzar Nagusiko kideek ezin izan dute ekarpenik egin emendakin partzialen bidez, ezta osoko emendakin baten bidez itzultzea eskatu ere". Geroa Bairen iritziz, gertatutakoa "EH Bilduk organo horretan duen gehiengo politiko baten gehiegikeriaren adibide argia da".
Hondakin Zerbitzua
Mank Irurtzunen garbigunea eraikitzen ari da. Aurreikuspenen arabera, urteko azken hiruhilekoan zabalduko da. Hura kudeatzeko pertsona bat kontratatuko du ibarreko erakundeak. Arbizuko eta Altsasukoaren ondoren Sakanako hirugarren garbigunea izanen da Irurtzungoa. Larrazak azaldu duenez, “Aztiker enpresaren bidez herritarrekin egindako kontsulta prozesuaren ondorioz, garbiguneak astean bitan arratsaldez zabaltzea erabaki da, astearteetan eta ostegunetan”. Beraz, goizetik 18:30era egonen dira zabalik. Larrazak azaldu duenez, "asmoa da otsaila akaberarako zabaltzea. Oraindik zenbait gauza lotzeko ditugu, eta hala egiten dugunean behar bezala jakinaraziko ditugu ordutegiak". Presidenteak argitu duenez, garbigunearen zerbitzua zabaltzeak “egungo ordutegiarekin joaterik ez dutenei joateko aukera emanen die”, azaldu du presidenteak.
Bestalde, Emausko Trapuketariekin duen hitzarmena berrituko du Mank-ek, "sakandarrendako ezinbestekoa zerbitzua baita". Joan zen urtean etxeetatik 1.342tan eskatu zen haien zerbitzua. Garbiguneetan 216 bilketa egin zituzten. Beraz, egunero zazpitan zerbitzua eskaini zuten. Bestetik, zerbitzuaren finantza gastua txikitu egin da, 87.360 eurotatik 30.500 eurora pasa da.
Konpost planta
Ibarreko erakundearen nahia zen aurten Utzubar Eko Guneko konpost planta handitzea. "Baina Ingurumen Departamentuaren dirulaguntza deialdia asko atzeratu da eta aurten ezinen dugu handitu. 2027an beharko du", azaldu du Larrazak. 1.500 metro karratu gehiago izaten ditu konpost plantak mendebalderantz, eta hori egiteko 1,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusita dago.
Handitzearen zergatiaz galdetuta, presidenteak azaldu duenez, bi dira arrazoiak. Batetik, aditu batek lan egiteko moduan aldaketa egiteko proposamena dago. Materia organikoa konpostatzeko ilaratan jartzen dute. Adituak proposatu zuen konpostatze prozesua hobe egiteko ilara horiek baxuagoak eta zabalagoak izatea. Eta bestea da jasoko den materia organiko kopurua gora egitea espero dutela. Hori dela eta, egungo 2.000 tona konpost kudeatzetik 3.000 tona kudeatzeko baimena izatera pasako da Sakanako Mankomunitatea. Beraz, handitze horrek "konpost hobea egin eta hondakin organiko tona gehiago tratatzeko aukera emanen digu".
Eko Gunea
Euria egitean urak berarekin eramaten ditu hondakin solidoen zati disolbagarria, osagai kimikoak eta biologikoak, beraiekin eramaten ditu. Hala sortzen dira lixibiatuak. Horiek hobe tratatzeko planta bat jarriko du Mank-ek. Haren aurrekontua 175.000 eurokoa da. Ondoren ur horiek Arbizuko Eko Gunetik Lakutzako uren araztegira ebakuatzen dira. Araztegira bidaltzen diren lixibiatuaren bolumena handitzeko baimena jaso zuen Mank-ek joan zen urtean. Hala 100 metro kubiko isurtzetik 170era pasa da.
Bestalde, Eko Gunean 2025ean aurreikusitako hiru lanak egin gabe gelditu dira, dirulaguntzen deialdia atzeratu delako. Lanetako bat, oinezkoen bide segurtasuna hobetu behar zuen. Bestetik, sarreraren ezkerraldeko espazioa txukundu eta obrako edukiontzi handiak jarri nahi dituzte, "garbigune itxura emanez". Azkenik, UtzubarEko Guneko itxituraren zati bat berritu nahi du Mank-ek. Larrazak gaineratu duenez, "Nafarroako Hondakin Partzuergoan aurtengoa trantsizio urtea da, dituzten dirulaguntza deialdiak atzeratuta dituzte". Hala ere, jakinarazi du edukiontziak erosteko prozesuan dagoela Mank.
Ur zerbitzua
Urdalurko ur sarearen azken luzapena egiten ari dira gaur egun Etxarren eta Irurtzun artean. Lan horiek egiteko 400.000 euroko mailegua eskatu zuen ibarreko erakundeak. Maileguaren finantziazio gastuak 15.246 eurokoak izanen dira. Lanak martxorako despeditzea espero da. Larrazak argitu duenez, "obra egin ondoren, etxeberriarrek eta irurtzundarrek Iribasko iturburuko ura edaten jarraituko dute". Azaldu duenez, "klima aldaketarekin ur eskasia aurreikusten da. Uraren Plan Zuzentzaileak ez du ongi ikusten herriak bakarrik iturburuetatik hornitzea. Beraz, Iribasen arazorik balego, Urdalurko ura erabiltzeko aukera legoke".
Urtegitik abiatzen den ur sarea Sakana guztian zabaldu ondoren, ibarreko erakundeak bere ahaleginak "ur ihes ahalik eta gutxien izatean" zentratuko ditu. Horregatik, Mank-ek zerbitzuko langileekin koordinatuko den laguntza teknikoa kontratatuko du Mank-ek. Horretarako 18.000 euro ditu. Horrekin bost helburu bete nahi ditu. Alde batetik, ur azpiegituren egoera orokorra aztertzea eta mantentze lehentasunak zehaztea. Bestetik, ur biltegien kontsumo datuak kontrolatzea eta gehiegizko kontsumoak detektatzea. Horrekin batera, uraren presio datuak berrikusiko dituzte, gehiegizko presioa duten eremuak identifikatzeko helburuz. Gainera, lehentasunezko obrak antolatuko dituzte erregistratu gabeko ura hobe kontrolatzeko. Azkenik, gaueko ur kontsumoak kontrolatu nahi dituzte.
Horretaz aparte, Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Urdiain eta Olatzagutiko behe ur hornidura sareak sektoretan banatzeko sistema digitalak eta informatika sistema ezarriko ditu. Datu bilketa handiagoa lortu nahi da, prebentziozko mantentze lanak eta ur ihesak konpontzeko lanak hobetzeko, erregistratu gabeko uraren ehunekoa jaisteko. Egitasmo horren barruan, Lakuntzako egungo ur kontagailuak teknologia digitala eta mekanikoko kontagailuekin aldatuko dira. Lan horrek 358.100 euroko aurrekontua du.
Gainera, ibarreko erakundeak aurreikusia zuen ur biltegietan eguzki plakak jartzea. Baina aukerak aztertuta, instalakuntza komunetan eguzki plakak jarri eta han sortutako argindarra hainbat tokitan kontsumitzea hobetsi du, hau da, kontsumo partekatuaren alde egin du.
Langileak
Administrazio publikoan langileen artean behin-behinekotasuna handia zela eta estabilizazio prozesua abiarazi behar izan zuten erakundeek. Larrazak azaldu duenez, "legeak markatzen zuen kopurua bete dugu. Baina langileen egonkortze prozesuarekin jarraituko dugu lan eskaintza publikoen bidez".
Bestalde, Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuko kulturarteko bitartekariaren lanak batzarraren oniritzia jaso zuen. Mank-ek aurten erabakiko du bere lanaldia %100ekoa izanen ote den. Aldaketa onartuko balitz, zerbitzura 18.229,15 euro gehiago bideratuko lirateke.
Azkenik, euskaltegietako ikasleek euskara dohainik ikas dezaten dirulaguntzak ematen dituzte Nafarroako Gobernuak, Sakanako Mankomunitateak eta ibarreko udal gehienek. Ikasleek laguntza eske hiru administrazioetara ez jotzeko, dirulaguntza eskatzeko garaian erraztasunak emateko, administrazioaren aurrean tramite bakarra egiteko prozedura egitea erabaki zuen Mank-eko batzarrak. "Behin modua adostuta, entitateek egin beharreko ekarpena aurrekontuan sartuko litzateke", adierazi du presidenteak.

