Iñigo Aritza Ikastola Lagunak ekimena aurkeztu dute

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko otsailaren 10a

Nekane, Luis, Leire, Gurutze eta Arantxa.

Kideak aurretik ikastolarekin harremana izana dute eta komunitatearen parte sentitzen segitzen dute

Iñigo Aritza ikastolako guraso, ikasle eta langile ohiek sustatuta, Iñigo Aritza Ikastola Lagunak ekimena sortu da. Haietako batzuk dira Nekane Zubizarreta Arenzana langile ohia, Luis Lumbreras Rodriguez guraso ohia, Leire Urdiain Inda ikasle ohia, Gurutze Goikoetxea Barandiaran guraso ohia eta Arantxa Bengoetxea Intxausti guraso ohia. Adierazi dutenez, "kargu 'ohia' baino ikastola proiektuaren komunitatearen parte sentitzen gara eta modu antolatuan parte hartu nahi dugu bere ibilbidean".

Bosten iritziz, "ikastolak garrantzitsuak izan dira, dira eta izanen dira. Bai ikastolek hezkuntzan egiten dituzten ekarpen guztiengatik, hezkuntza komunitate osoarendako izaten direnak gainera, bai herrigintzan egiten duten lanagatik, euskalgintzari ematen dioten sendotasunagatik". Baita "gauzak egiteko moduagatik ere, modu kooperatibo eta saretu hori hedatzen laguntzeagatik ere, eta guk horren parte izaten jarraitu nahi dugu".

Hilabete batzuk dira ekimena abiarazi zuten. Baina jakinarazi dutenez, "ekimena Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikastola gutxi batzuetan 'pilotaje' eran duela lau bat urte jarri zen martxan. Dagoeneko Nafarroari egokitu zaio abian jartzea, lehenik Tafallako Garces de los Fayos, orain Iñigo Aritza eta aurki Andra Mari batuko dira erronkara".

Zergatiak
Ekimenarekin bat egiteko, boskoteak hainbat arrazoi eman ditu. Batetik, "ikastolek euskara, euskal kultura eta Euskal Herria sustatzeko helburuak dituztelako". Bestetik, "proiektu herrikoia delako, herriak behetik sortutako proiektua". Horretaz aparte, "ikastolek kooperatibismoa, parte hartzea, kontzientzia eta sentsibilitate euskalduna adierazten dutelako". Gaineratu dutenez, "lankidetzarako sena eta lankidetzarako esperientzia hori, ikastola proiektua partekatzen duelako euskarazko hezkuntzaren aldeko bestelako eragile ugarirekin". Aldi berean, nabarmendu dutenez, "Euskal Herri mailan Hezkuntza arloan dagoen proiektu bakarra da ikastola. Iparraldeen dagoen Bokaleko Hatsa ikastolatik hasi, ekialdeen dagoen Sohutako Eperra ikastolatik segi, hegoaldeen dagoen Tuterako Argia ikastolatik pasaz eta mendebaldeen dagoen Balmaseda Zubi Zaharra ikastolaraino". Azkenik, boskoteak nabarmendu duenez, "Ikastola Eredua Hezkuntza Eredu Propioa du eta Hezkuntza, euskal nortasunetik ulertzen duelako". 

Ikastolako komunitateko kide izandakoei eta, oro har, "ikastola proiektua babestu nahi dutenei" bat egiteko dei egin diete. Haiekin harremanetan jar daitezke edo ikastolalagunak@inigoaritza.eus e-postara idatzi.